Donostia hartu du AHT gelditzeko aldarriak
Azpiegiturak
Abiadura Handiko Trenaren eraikitzea bertan behera uzteko eskatu dute manifestariek.
Mikel goñi
AHT Gelditu elkarlanak deituta, milaka lagunek egin zuten manifestazioa atzo arratsaldean Abiadura Handiko Trenaren eraikitzea bertan behera uztea galdegiteko eta garraioaren inguruko eztabaida sakona has dezaten eskatzeko.
Manifestariek Bulebarretik irten eta Erdialdeko zein Groseko kaleak zeharkatu zituzten; Bulebarrean bertan bukatu zuten.
Manifestari kritikoak
Manifestazioaren bukaeran irakurri zuten manifestuak jasotzen zuenez, azpiegitura garestiak egiten diren bitartean, egungo eredu ekonomikoak «premia sozial oso larriak soluziobiderik gabe uzten ditu» .
Bestalde, antolatzaileek AHT-ren kontra «Donostian bildutako milaka pertsonak» proiektuarekiko kritikoak direnen adibidetzat hartu zituzten.
Era berean, atzoko manifestazioarekin amaitu zen «Gelditour dinamika» oso positibotzat jo zuten Bulebarreko ekitaldian.
Zanpanzarren burrunbak ireki zion bidea AHT gelditu! Inposaketa gutxiago eta herri eztabaida lelopeko manifestazio jendetsuari. Manifestariek AHTren kontrako oihuak bota zituzten eta EAJ zein PSOEren jarrera «txikitzailetzat» jo zuten. Era berean, «Ama Lurraren» defentsan lana egiteko eskatu zioten gizarteari.
Manifestazioak egin zuen ibilbidean zehar ertzain asko egon zen , besteak beste, Groseko tren geltokiaren inguruan edota Abiadura Handiko Trenaren hainbat zati egiten ari den Construcciones Moyua Donostian egiten ari den obren pareetan.
Ekitaldiak egun osoan zehar
Ekitaldiaren antolatzaileek manifestazioaz gain beste ekimen batzuk ere atondu zituzten atzoko egunean, besteak beste, Kresala elkartean Miguel Amoros ekologista katalanak eman zuen hitzaldia.
Konstituzio plazan, berriz, informazio gunea eta herri kirolen ikuskizuna zein sagardo dastaketa antolatu zuen azpiegituraren kontrako mugimenduak.