Merkatariak lasai Illunbek izan ditzakeen aldaketekin
Hirigintza
Udal Gobernua hiriko dendei kalte egingo ez dien ereduaren bila ari dela diote merkatariek.
x. etxabe
Udal Gobernua Illunbe berregituratzeko lanean ari da. Zinema aretoen eremua goitik behera aldatzea aurreikusten du. Illunberen itxura berritzeko, ordea, Udal Gobernuak hainbat baldintza zehaztu ditu, nagusiena, Illunbeko bulego, denda edo zerbitzuak 700 metrotik gorakoak izatea.
Oraindik Illunben zein zerbitzu jarriko dituzten erabaki gabe badago ere, Udal Gobernuaren asmoak merkatariak lasaitu ditu. «Illunben dendak ez ezik, hotelak edota beste zerbitzu ezartzeko lanean ari dira, alegia, hirian ez dagoen eskaintza sustatu nahi dute eta horrek lasai uzten gaitu», azaldu du Lourdes Lazaro Donostisshop merkatarien elkarteko gerenteak.
Merkatariek, hain zuzen, Illunbe eraberritzeko gauzatuko duten Plan Orokorraren aldaketa gertutik ezagutzeko aukera izan zuten atzo. Aldaketa horren bidez, hirugarren sektoreko zerbitzuei eskainitako 14.000 metro karratuetan, 700 metrotik gorako zerbitzuek izango dute bakarrik leku. Lourdes Lazarok zehaztu duenez, «Udalak hiriko dendei kalte egiteko ardura agertu du».
Illunbera denda eskaintza berria erakartzea lortuko balute, horrek hiriko dendei ere mesede egingo liokela uste du Donostisshopeko gerenteak. Illunbe berrituko duen denda eta zerbitzu eskaintza ezagutzeko, berriz, Illunbeko kudeatzailea aukeratzeko lehiaketa abian jarri arte itxaron beharko da. Lehiaketara aurkezteko baldintzak definitzerakoan, merkatariek beren ekarpenak egiteko aukera izango dute, gainera.
Lehiaketa martxan jartzeko, ordea, ezinbestekoa da, lehenik eta behin, Plan Orokorra aldatzea. Bihar emango dio, hain zuzen, Udalbatzak aldaketari behin behineko onespena .