Urgulleko Historia Etxeak berritasunak izango ditu udan
Aisia
Urgulleko txokoak gertutik ezagutzeko bisita gidatuak antolatuko dituzte zortzi lagunetik gorako taldeentzat.
x. etxabe
Iazko ekainaren 29an zabaldu zuten Urgulleko Historia Etxea eta hartatik, 80.000 lagunek zapaldu dute hiriaren historia eta herritarren ohiturak laburbiltzen dituen erakusketa eremua. Historia Etxea udako hilabeteetan ere herritarrentzat erakargarri izan dadin, hiriko jai eta ohiturei errepasoa egiten dien bideoa jarriko dute erakusgai.
Bideoaz gain, liburu berriak eta bisitariak ikusten dutenaren inguruko argibide taulak berritu dituzte. Hiriaren historiaren inguruko ibilbidea errazteko, gainera, liburuxka argitaratu dute.
Agurtzane Garai, Historia Etxeko arduradunak, bestalde, berreskuratu duten brontzeko itsasontzia nabarmendu du. «1967. urtean Itsasoaren Feria egin zen hirian eta brontzezko ontzi bat utzi zuten oroigarri; itsasontzia Alderdi Ederren egon zen urtetan». Orain, Historia Etxean egongo da ikusgai.
Urgullek, dena den, hiriaren historiaren oinorde diren beste hainbat txoko ditu eta horiek ezagutzeko aukera eskainiko dute. Izan ere, irailaren 8a bitartean, Urgull ezagutzeko bisita gidatuak antolatuko dituzte zortzi lagunetik gorako taldeentzat .
Historia Etxeko ekintzekin batera, Damen Bateriako liburutegian eta Gobernuadorearen Bateriako Natur Txokoan ere beste hainbat ekintza antolatu dituzte umeentzat.
Urgullera igotzeko, halaber, autobus zerbitzua egongo da martxan uztaileko eta abuztuko egun guztietan. Irailean asteburuetan ibiliko da bakarrik.