Latinoamerikako artea eta Jorge Oteiza izango dira laster Kubo aretoan
Erakusketa
Ilan Wolff argazkilariaren erakusketa uztailaren 10a arte izango da erakusgai; urrian Kubo aretoa Oteiza gune bihurtuko da artistaren mendeurrenean.
erredakzioa
Kutxaren Kubo aretoa 2000ko abenduan zabaldu zuten Jorge Oteizaren figura eta artistaren ibilbideari buruzko erakusketarekin. Erakustaretoak berriro ekarriko du gogora Orioko maisua, bere jaiotzaren mendeurrenean. Urriaren 14a eta 21a bitartean, aste betez jarduera bereziak izango dira bertan. Horretarako Kubo aretoa gune multidisziplinar bihurtuko da artistaren sormen prozesua hainbat ikuspegietatik aztertuko duena.
Oteizari eskainitako gunea instalatu baino lehen eta Ilan Wolffen erakusketa amaitzean, Latinoamerika izango da Kubon protagonista. Latinoamerikako XX. mendeko artearen ikuspegi zabala azalduko du: sortzaileak, sinboloak, figurazioa, abstrakzioa, geometria, zinetismoa...
Balenciagaren erakusketak ikusle gehien
Kubo aretoaren zortzi urteko ibilbidean askotariko erakusketak egin dira. Bitxia baldin bada ereCristobal Balenciaga moda diseinatzaileari eskainitako bildumak izan ditu bisitari gehien. Bestalde, Yann Arthus-Bertrand argazkilariaren
Lurra zerutik ikusita erakusketa egunero ikusle gehien jaso ditu. Lurra planetaren aldeko alegatu gisa sortu zuen airetik ateratako argazki bilduma. Gai berari helduko dio Kubo aretoak urria bukaera aldera urari buruzko proiektu batekin:
H20. Solidoa, likidoa, gas egoera. Bertan artearen eta zientziaren ikuspegitik urak gure bizitzan duen garrantzia aztertu eta landuko da.
Horrela, 2008ko bigarren erdian Oteiza guneak eta urak hartuko dute Kubo aretoa. Lehenengo erdiaren sei hilabeteetan 50.000 bisitari izan ditu dagoeneko. Dublingo Irish Museum of Modern Arteko artelanekin hasi zen denboraldia. Ondoren Carmelo Ortiz de Elgea eta Nestor Basterretxearen lanaren arteko elkarrizketa eta oraindik ikusgai dagoen Ilan Wolffen argazkigintza esperimentala, hirugarrena.
Udan lantegi bereziak
Uztaila eta abuztuan Kubo aretoko jarduera didaktiko gehiago antolatuko dira, lantegiak edo saio bereziak esaterako.Duela gutxi ONCEko talde bat izan zen eta eskulturaren munduan trebatzeko aukera izan zuten.
1.000.000 bisitaria
OSPAKIZUNA Irungo Mariano Arsuaga pintorea izan zen 1.000.000 bisitaria ekainaren 20an. Sariduna Ilan Wolff israeldarraren
Camera Obscura argazki erakusketara joan zen. Erakusketak harrera bikaina izan du. Apirilaren 24an ireki zutenetik 21.000 pertsona izan dira bertan. Horregatik erabaki dute erakusketaren iraupena luzatzea. Mariano Arsuagak urriaren 14a eta 21a bitartean gozatuko du sariaz Parisen, egun horietan egingo dute eta Frantziako argazkigintza azoka.