
Lehen denboraldia du Altza Herria Triatloi Taldeak; oraingoz inguruko duatloi eta triatloietan parte hartzen ari dira. Zenbait taldekide Donostiako Triatloian izango dira bihar.
Elastiko berdeak agertu dira
raul perez
Ion Sacristan eta Eneko Razkin altzatarren bultzadapean sortu da Altza Herria Triatloi taldea. Sorreran jarritako helburua, 25 bat laguneko taldea osatzea, erraz gainditu dute 51 gizonezkok eta emakumezkok osatzen baitute taldea. Altzan jaio da taldea, baina hainbat tokitako kideak hartu ditu.
Sacristanek azaldu duenez, Donostiako Atletiko alde batera utzita, inguruan ez zegoen beste talderik eta horregatik hilabete gutxiren buruan batu zaizkie hainbeste kirolari. Urtarrilean, otsailean eta martxoan igandero elkartu ziren zenbait taldekide entrenatzeko Garberan, eta udaberrian ekin zioten lehiatzeari. Aurrena duatloietan ¬korrika eta bizikleta¬ eta duela aste gutxi triatloian. Denboraldia hasi zenetik, zailagoa zaie taldeka entrenatzea, nork bere helburua baitu. Azkoitia, Basauri, Gernika... Urrun joan ez badira ere, Euskal Herriko zenbait lekutan izan dira jada eta bihar taldekide batzuk Donostiako Atletikoren triatloian ariko dira. Irabazteak ez omen ditu kirolariok gehiegi kezkatzen. «Bide bat ireki dugu, gustatzen zaiguna elkarrekin egiteko, besterik gabe». Dena dela, bada burua urrunago duenik ere; Daniel Mentxakak, adibidez, Rotterdameko Ironman proban ¬triatloi arrunta baino luzeagoa da¬ parte hartzeko asmoa du.
Babesa eta webgunea
Taldean aritzeak zenbait abantaila dakartza, Sacristanek azaldu duenez. Esate baterako, federatzea zertxobait merkeagoa da eta arropa ere merkeago atera zaie. Talde sortu berria bada ere, dagoeneko berezko jantziak dituzte. Elastiko berdea du Altza Herria Triatloi Taldeak korrika egiteko eta bizikletan ibiltzeko eta igerian aritzeko buzoa ere badute. Egunotan, Altzako jaietan taldeko elastikoa jarriko dute salgai 12 eurotan. Oraingoz bide laburra egin badute ere, babeslerik ez zaie falta. Gopi restauraciones, Skoda Menabi, Seien Ametsa eta Asperrek laguntzen dute Altzako triatloi taldea. Webgunea ere badute: www.altzaherriatriatloi.blogspot.com. Taldekideak elkarren artean harremanan jar daitezke webgunearen bitartez. Izan ere, Sacristanek azaldu duenez, taldekide guztiek ez dute elkar ezagutzen. «Zenbaitzuk, probaren batera joan, eta elastiko berbera daraman norbait ikustean konturatzen dira talde berekoak direla».
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.