Emausen Uba bideko egoitza zaharra Udalaren esku geratu da
Turismoa
Duela 25 urtetik Emausen egoitza nagusia izandakoa aterpetxe bihurtuko du Udalak.
raul perez
Udalak 200 lagunentzako aterpetxea egingo du Emauseko Ubako ¬Txomin Enea¬ egoitza zaharrean. Horretarako lehen urratsa eman zuten atzo. Egoitzako giltzak eman zizkion Javier Pradini Emaus Gizarte Fundazioaren presidenteak Enrique Ramos Turismo zinegotziari. Dirudienez, eraikina berehala bota nahi dute lurrera, eta Udalak aipatutako epea betez gero, 2009ko udazkenean egongo da aterpetxea zabalik.
Emaus fundazioak 1980ko azaroan ireki zuen lehen egoitza Gipuzkoan, Errenteria-Oreretan, eta 1983ko ekainean lehena Donostian, Uban hain zuzen ere. Hori izan da Emausen egoitza nagusia, harik eta duela pare bat urte Añorgako Belartza industrialdean EkoCenterra zabaldu zuten arte. Javier Pradiniren hitzetan, atzo etapa bat itxi egin zen. «Zuku guztia atera eta gero utzi egin dugu eraikina, eta orain beste egoitza askoz ere zabalagoa dugu». Berriagoa da Belartzako egoitza, baina bada Ubako etxe zaharraren falta sumatuko duenik. «Batzuei pena eman die hau uzteak; bohemio ukitua duela diote».
Pradinik gogoan du lehen urteetan lantokiaz gain bizitokia ere bazela eraikina eta zabaldu zutenetik hona jende asko pasatu dela Ubako egoitzatik. «Emausen altzari eta arroparen biltegi nagusia izan da hau», azaldu du Pradinik.
Emausek badu beste egoitza bat Uba bidean bertan, Isla proiektua izanekoa. Gizarteratze arazoak dituzten 18 eta 50 urte bitarteko herritarrak hartzen dituzte bertan eta gizarteratzera eta lanpostua bilatzera laguntzen diete hara doazenei.
Emausek, lehiaketari ezetz
Udalak aterpetxea egingo du Uban eta horretarako lehiaketa publikora deitu beharko du. Emaus fundazioa ez da aurkeztuko. «Bakarrik kudeatzea izango balitz, interesgarria izango litzateke guretzat, baina lehiaketaren oinarrien arabera, eraikina berritzea ere hartu behar du bere gain kudeatuko duenak».
zenbakia
4.300 lagun hilean EkoCenterren. Emausek emandako datuen arabera, hilean 4.300 lagunek erosten dute zer edo zer Belartzako egoitzan. Bestalde, duela bi urte EkoCenterra zabaldu zutenetik, 279.400 objektu berrerabili dituzte.
«Zuku guztia atera eta gero utzi dugu eraikina; orain egoitza askoz zabalagoa dugu»
JAVIER PRADINI
Emauseko Gipuzkoako arduraduna