Ongizateko diru gehiena adinekoenzat bideratzen da
Ongizatea
Gizarte Ongizateko zerbitzuek 90 langile gehitu dituzte, eta bost milioi euro gehiagoko aurrekontua izan dute.
estitxu zabala
Udaleko Ongizate Zerbitzuaren 2007ko txostena aurkeztu zuen atzo Susana Garcia Chuecak, gizarte ongizateko zinegotziak. Txostenaren arabera, aurrekontuaren %50 baino gehiago adineko pertsonentzako erabili dute. Bestetik, Dependentzia Legearen erabilpena asko igo da, baina ez konkretu jakin batena bereziki. Zinegotziaren esanetan logikoa da laguntzarako diru kopururik handiena adinekoentzako izatea. Izan ere, biztanleria geroz eta zaharragoa delako, eta hiritarren %20 baino gehiagok 65 urte baino gehiago dituelako.
2007an 25 milioi euroko aurrekontua erabili du Udalak Gizarte Ongizate zerbitzuetarako, 2006an baino bost milioi gehiago. Beharra zuten hainbat hiritarrei lagunentzeko bideratu dute dirua: Adinekoentzako eta ezinduentzako programak eta laguntzak, hainbat arazo zituzten familiak, nerabe eta eskola garaian dauden haur eta gaztetxoak, tratu txarrak jasan dituzten emakumeak, eta gizartetik kanpo geratzeko arriskua duten pertsonak.
Iaz baino 200 familia gehiago
Gizarte Zerbitzuek ia 11.000 familiei lagundu diete, iaz baino 200 gehiago. 13.400 errekurtso bideratu dituzte, eta 5.000 pertsonei laguntza eman diete horrekin. Gizarte Larrialdietako zerbitzuarekin berriz, 2.553 pertsona jaso dituzte.
Osasun eta drogomenpekotasunean ez erortzeko programetan 84 eskolek parte hartu dute. Hala, 6.565 ikasle eta 308 irakasle aritu dira programetan, baita 279 aita eta amek ere. Mota horretako programek interes berezia sortu dute, eta 2006ko datuekin alderatuz asko handitu da parte-hartzaileen kopurua.
Tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei dagokienean iazko antzeko datuak eman ditu zinegotziak. Tratu txarrak jasan dituzten 194 kaso jaso dituzte, beste 41 emakumek larrialdietako zerbitzua erabili dute eta beste 11 emakume larrialdietako pisuetan egon dira.
Beharra duen edonor zerbitzuetara zuzentzea da zinegotziaren iritziz biderik onena. Zinegotziaren ustez, hiritarrak konturatu dira gizarte laguntza ez dela arazo ekonomikoak dituzten pertsonei bakarrik laguntzeko zerbitzua. Gainera, beharra duen eta oraindik laguntza jaso ez duen jende kopurua oso txikia dela aipatu du zinegotziak, eta hori datu garrantzitsua dela. Laguntza behar duenak laguntza jasoko duela esan du zinegotziak.
1
eo | 2008-07-02
mugagabea... (sendiri)