Gaurtik uztailaren 31 arte dute danborrada berriek izen emateko aukera
Jaiak
Parte Zaharrean, Erdialdean, Grosen, Amaran eta Antiguan danborrada berriek ezingo dute nahi duten orduan atera.
erredakzioa
Amaratarra, Espai Catalunya eta Beti Erreala danborradak izan ziren aurreko urtarrilaren 20an hiriko kaleetatik Sarriegiren doinuak lehenengoz jo zituztenak. Hurrengo urteko San Sebastian egunean danborra joaz ibili nahi duten elkarteek hilabete honetan dute izen emateko aukera.
Urtetik urtera danborjolez betetzen dira kaleak eta zenbait ordutan ezinezkoa izaten da hainbat auzotan danborradak antolatzea. Hori dela eta, Parte Zaharrean, Erdialdean, Grosen, Amaran edota Antiguan ordutegia mugatuta dute atera nahi duten danborrada berriek. Beste zonalde batzuetan ¬Egian- Loiolan- Martutenen eta Altzan-Intxaurrondon¬ elkarteek nahi duten ordutegia aukera dezakete, zonalde horretako batzordeak erabakiko du, ordea, eskatutako ordua bideragarria den ala ez.
Danborrada prestatzeko erraztasunak
Behin danborrada berria osatzeko eskaera egin eta baiezkoa jasota, orduan hasten da elkarteentzat lanik gogorrena. Danborrak, kupelak, uniformeak... Urtarrilaren 20ean txukun-txukun ateratzeko xehetasun guztiak prestatu behar dituzte.
Leclerq kapela dendarentzat edo danborrak egiten dituen Erviti musika dendarentzat uda ostean hasten da elkarteen eskariak erantzuteko lan gogorra. Bi denda hauez gain, jantziak prestatzeko edo danborrada osatzeko beharrezkoak diren beste erosketak egiteko hainbat proposamen eskaintzen ditu Donostia Kulturak bere webgunean,
www.donostiakultura.com-en.
Libre dauden orduak
Parte Zaharrean. 5:00etatik 16:00etara.
Erdialdea. 5:00etatik 12:00etara.
Gros. 5:00etatik 17:00etara. 21:30etatik 24:00etara daborrada bakarra atera daiteke beste danborraden ordutegi eta ibilbideekin bat egiten ez badu.
Amara. 00:00etatik 16:30era.
Antigua. 3:00etatik 17:00etara.