Naturgasen Amarako eraikina erosi du Udalak
Hirigintza
Goikoa Jauregian eta udaletxean lanak egiten dituzten bitartean
hara eramango dituzte Udal zerbitzuak.
estitxu zabala
Astelehenean zortzi milioi euroren truke eskuratu zuen Udalak Amarako Naturgasen eraikina. Goikoa Jauregian eta Udalean hainbat berrikuntza egingo dituzte, eta bitarte horretan Naturgasen eraikinean emango dituzte hainbat Udal zerbitzu. Bost udal sailetako 141 langile ariko dira bertan lanean urritik aurrera. Hala, beharrezko lanak egin ondoren, Udal zerbitzuen berrantolaketa planaren komodina izango da eraikina udazkenetik aurrera.
Marisol Garmendia zinegotziak solairu bakoitzean emango dituzten zerbitzuen berri eman du. Sarrerako solairuan, Udalinfo, eta Amara, Erdialdea, Loiola eta Martuteneko biztanleentzako gizarte zerbitzuak egongo dira. Lehen solairuan, Gazteria, Hezkuntza, Kooperazioa eta Giza Eskubideen saila eskainiko dute. Bigarren solairua Sustapenaren tokia izango da. Hirugarren eta laugarren solairuetan Giza Errekurtsoen zuzendaritza egongo da, Udaletik osorik aterako den sail bakarra. «Herritarrek eraikin bakarrean izango dituzte Udal zerbitzuak eta hori abantaila handia da», aipatu du Garmendiak.
Eraikin nagusiaren atzean dagoen solairu bateko eraikinak etorkizunean solairu gehigo izango ditu. Hala, 2.000 edo 2.500 metro karratu inguru gehiago izango dituzte udal zerbitzuak eskaintzeko.
Goikoa Jauregiko lanek bi urte inguru iraungo dituztela argitu du zinegotziak, eta lan horiek amaitzean udaletxeko lanekin hasiko dira. Goikoa Jauregiko berrikuntza lana lehiaketan atera dute, Bost taldek euren lanak aurkeztu dituzte. Aukeratutako taldeak lau hilabeteko epea izango du proiektua martxan jartzeko. 6,5 milioi euroko kostua izango dute lanek.
Zerbitzuen antolaketa berrian, Goikoa Jauregian lurraldearen inguruko gaiak egongo dira, udaletxean gai instituzionalak bideratuko dituzte, eta Urdanetako kaleko eraikinean Ongizatea, Sustapena eta Gazteria eta Hezkuntza gaiak kudeatuko dituzte.
Udaltzaingoaren eraikina
Guztira 5.247 metro karratu ditu eraikinak, horietatik 3.666 eraikin nagusiak ditu, eta gainontzekoa sotoko aparkalekuak hartzen du. Lan guztiak bukatzean, eraikinaren etorkizuna erabaki gabe dago, baina baliteke Udaltzaingoaren egoitza izatea. Beraz, ez lirateke Illunbera joango.