Dekretu berria kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak babesteko
Euskara
Lau urteko epea ezarri du Eusko Jaurlaritzak enpresa nahiz denda ertain eta handiek dekretuaren edukia bete dezaten.
igone fdez. mariezkurrenA
Eusko Jaurlaritzak kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideen inguruko dekretu berria onartu zuen herenegun. Testuan jasotako hizkuntza betebeharrek idatzizko komunikazioari eta ahozko komunikazioari (hala nola publikoa atenditzeari) dagozkie. Hala, saltokien seinaleztapen guztia, errotuluak, inprimakiak, katalogoak, kontratuak eta megafonia bidezko informazioa, langileen aldetiko aholkularitza nahiz telefono edo bestelako bitarteko elektronikoen bidez zabalduriko informazioa euskarazkoa ere izango dela bermatzera dator dekretu hau.
Gaur aurkeztu dute araudi berria Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Rodrigo Garcia Azurmendi Merkataritza, Kontsumo eta Industria Segurtasunerako sailburuordeak. Azaldu dutenez, «dekretu berria euskararentzako berarentzako da garrantzitsua baina, batez ere, euskal gizartearen hizkuntza bizikidetzarako da oso garrantzitsua». Zentzu horretan, araua «herritar kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak errespetatzera, legea errespetatzera» datorrela zehaztu dute eta inolaz ere ez inori «segimendu linguistikoa» egitera.
Progresiboa
Baztarrika eta Garcia sailburuordeek adierazi dutenez, «lege berria arrazoizkoa da, oinak lurrean direla moldaturikoa eta urratsez urrats aurrera egin nahi duena». Horregatik, «progresibotasunean eta malgutasunean oinarriturikoa» dela diote.
Saltoki eta enpresa txiki guztiak dekretu honetan bildutako betebeharretatik salbuetsita geratzen dira. Soilik harremana herritar askorekin duten enpresa eta dendei erangingo die azken hauek baitira, euren aburuz, euskararen normalizazioan aurrera egiteko estrategikoak. Gainera, araudi berrian jasotako eginbeharrak betetzeko epea urtebetetik lau urtera bitartekoa izango da, beti ere, enpresa motaren eta bere kokaguneko errealitate soziolinguistikoaren arabera.
Merkatari elkarteak, gehienak mesfidati
Shops Donostiako gerente Lourdes Lazarok, esterako, zehaztu du araua betetzeak galdatzen duen kostua «jasangarria» izan daitekeela dela enpresa handientzat «euskara ikasteko denbora hartzen duten langileen eszedentziei aurre egiteko gaitasun eta baliabide gehiago dituztelako». Saltoki txikientzat, ordea, «arazo bat gehiago izango litzateke hori», Lazaroren ustez. «Sektore honetan eskaintza profesionala oso urria da eta, gehienetan, etorkinek betetzen dituzte guk nahi ez ditugun lanpostuak». Horregatik, -dio Lurdes Lazarok- euskararen ezagutza exijitzea oztopo gehigarri bat litzateke».
Shops Donostiako gerentea bat dator euskara sustatzearekin eta hizkuntza eskubideakÓ bermatzearekin. Aitzitik, uste du helburu horiek ez direla bideragarriak gaur egun administrazioak proposatzen dituen tresna eskasekin.
Erdialdea eta Parte Zaharreko merkatariak biltzen dituen Zaharrean elkarteko Eskarne Falconek ere ez du oso begi onez ikusten Eusko Jaurlaritzak onarturiko neurri berria. «Ideala litzateke guztiok euskaraz egingo bagenu baina errealistak izan behar dugu eta onartu asko eta asko direla soilik gazteleraz moldatzen diren dendariak». Euskara zerbitzuen sektorean ere indartu behar denaren komentzimendua du baina ez du uste hau denik bide egokiena. «Azken batean, euskararen ikaskuntza behartua bultzatzea da hori». Administrazioari dagokionean, arlo publikoa den heinean, ontzat jotzen du auzi hau legez arautu eta betearaztea baina merkataritzaren arloan egoera oso bestelakoa dela dio: «Bideragarriagoa ikusten dut, Euskararen Udal Patronatuak egiten duen moduan, doako ikastaroen bidez sustatzea euskararen berezko erabilera».
Teresa Cormenzana Gipuzkoako Merkatarien Elkarteko zuzendariak dekretuaren edukiaren gaineko irakurketa baikorra egiten du baldin eta bere aplikazioa pausokakoa bada. «Merkataritzan aritzen garen guztiok jakin beharko genuke euskaraz eta oso atzeratuta gabiltza zentzu horretan». Horregatik, jabeentzat deserosoa izan arren, dekretua ontzat jotzen du baina «pixkanaka-pixkanaka eta modu orekatuan» ezarri behar dela dio, «jendeak gauza onuragarri eta positibotzat har dezan».
Bagera Donostiako euskaltzaleen elkartea bat dator Jaurlaritzaren ekimenaren helburuekin baina oso argi ditu bi gauza: «Legea ezartzeaz gain, hori bete ahal izateko tresna eta erreztasunak ere eskaini behar ditu administrazioak; eta, beste ezer baino lehen, bere burua euskaldundu».