Edukira joan

Irutxuloko Hitza

Donostia
2008ko azaroak 21, Ostirala

Harpidetu zaitez!

Txalupak, lerro-lerro, zain daude, trankil. Marea bare bada, kanpoaldera irtengo dira. Bestela, euren maitaleen ferekak eskertuko dituzte.

Itsasoaren maitale

igone fdez. MariezkurrenA

Eguraldi petralenak ere ez ditu etxezuloan giltzapetzen. Itsasoarekin maitemindu ziren aspaldi eta kresalaren usain sarkorra eguneroko droga modukoa dute. Zerua oskarbi eta urak bare direnean, arrantzara irteten dira; edo, besterik gabe, nabigatzera, horixe baitute bizipoza. Baina euria barra-barra ari duenean ere, haizea zakarra eta hotza izugarrizkoa denean, orduan ere, Donostiako itsasgizonek (itsasandreak ere ari dira, pixkanaka, loratzen) zereginen bat topatzen dute kaian. Edozein aitzakia baita ona txalupartera jaitsi eta estimatzen duten giroarekin kutsatzeko.

Antiguatik, leialena

Antiguatarra da Jose Mari Gaston. 73 urte ditu, honezkero erretiratua da eta «ezkongabea gainera!». Adinaren aje arinek ez dute itsasotik urrundu, ezta gutxiago ere, egunero-egunero hartzen baitu bizikleta bidegorrian barna Kontxa pasealekua gurutzatu eta kaira hurbiltzeko. «Eguraldia atsegina denean, egunean bitan irteten naiz itsasora arrantzara», dio. Txipiroi edota hegaluze bila ateratzen da, nahiz eta Jose Mariren Nere Itsasoa txalupan edozein harrapakin den ongietorria. «Goizeko 10:00etan abiatzen naiz lehenengoz eta, ondoren, arratsaldeko 16:00tan egiten dut bigarren irteera». Bakarrik aritzen da batzutan eta bere txalupakidearekin beste askotan «biona baita ontzia». Orain dela bost urte erosi zuten, nahiz eta lehenago ere eduki zuten beste bat 20 urtez.

Giroa desatsegina izan arren, Jose Marik ez du hitzorduarekin hutsik egiten; bera da, zalantzarik gabe, Kaiaren maitale fidelena. «Beti aurkitzen dut zer egin; gure txalupan dena ongi dagoela ziurtatuta, besteenak gainbegiratzen ditut eta ahatei jaten ematen diet», dio irribarretsu. Zoriontasuna dario. «Eta gero, Parte Zaharreko txokolategira, txokolate bero goxo bat hartzera!».

Orain dela 24 urte

Jose Marirenaren pare-pareko plazan amarratzen du Juan Ortizek bere belauntzia. Erretiratua da bera ere eta, Loiolako Erriberan bizi arren, ahal duen guztietan gerturatzen da portura. Konponketa-lanetan dabil orain eta, horretan, Agustin Gonzalez mekanikoa du laguntzaile eta adiskide. «Ukitu txiki batzuk egin ditugu motorrean eta behar den bezala martxan jartzen ote den probatzen ari gara», dio Ortizek. 24 urte igaro dira ontzia erosi zuenetik eta badu eskarmentua honetan.

Klima dela eta, udan neguan baino erabilpen handiagoa ematen dio bere belauntziari: «Askotan egunpasa ateratzen gara; badian bainatzera, bazkaltzera, eguzkia hartzera... eta arrantzarako ere erabiltzen dut noski; arrain-txikiak, txipiroiak, txitxarroak... dagoena harrapatzen dut».

Neguan ere egiten ditu irteerak eta, azkenean, Kaian hainbeste ordu sartuta, honetan aritzen direnek familia txiki bat osatu dutela iruditzen zaio: «Oso toki txikia da hau, plaza gutxi daude eta, azken finean, betiko berberak gara hemen urteak eta urteak daramatzagunak. Lagunarteko giroa dugu».

Zentzu horretan, Ortizek begi onez ikusten du portuaren balizko zabaltzea eta kantauri itsasalde osoan zehar nabigatzen aritzen diren ontzi atzerritarrei erreparatzen die: «Frantziatik edota Erresuma Batutik datozen itsasontziek ezin dute Donostiako portuan sartu eta badian bota behar izaten dituzte aingurak; horrela, egun gutxi batzuk besterik ezin dituzte igaro hirian». Dena dela, balizko zabaltze hori ez du batere bideragarria ikusten eta, momentuz behintzat, nahikoa buruhauste du bere belauntzia konpontzen.

Txikitatik zaletu

Haurra zenean bereganatu zuen Miguel Irisagastik itsasoarekiko grina eta, ordutik, ezin libratu dabil: «Aita arrantzara ateratzen zen egunero eta berak irakatsi zidan hau maitatzen. Nire semeek, ordea, ez diote tradizioari eutsi; txikitan ekartzen nituen baina ez dut lortu hori mantentzea». Txanela txiki batekin hasi zen, gero txalupara pasa zen eta, orain, duela bost urtetik hona, Itsas-zuloa izeneko ontzi dotorea du kuttuna, «betiko».

«Eguraldia ona denean, arrain-txiki eta hegaluze bila joaten gara; edo eguzkia hartzera». Giroa aldeko ez denean, ordea, «ontzia garbitzen, hamaiketakoa egiten eta arrantza-aparailuak lantzen entretenitzen naiz».

Irisagastik ere beharrezkotzat jotzen du Kaiko eremua zabaltzea nahiz eta oso argi duen Udalak ez duela aukera hori eskuartean: «200 ontzi inguru daude itxaron zerrendan eta, beraz, begibistakoa da guztion nahiak asetzeko ezinbestekoa dela zabaltzea».

Zoriontsua da Irisagasti bere itsas-zuloan, amu eta soka artean, bere habitatean.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Erakusketa

'Donostiari begira'
DONOSTIA, Historiaren Etxea, Motako Gaztelua (Urgull) - 2008-01-08

Ikastaroa

LOREZAINTZAKO PROIEKTUAK DISEINATU, EGIN ETA AURKEZTEA
Aukeratu Herria, ITSASMENDIKOI FRAISORO, ELBARRENA AUZOAz/g 202159 ZIZURKIL - 2008-10-01

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa