Liburu eta Disko berrien azoka hasiko da gaur Gipuzkoa plazan
Liburu eta Disko Azoka
Uztailaren 13a arte 40 postu izango dira Gipuzkoa plazan; Ohi bezala %10eko deskontua izango da nobedadeetan.
nerea lizarralde
Uztailan liburu berriena eta irailan bigarren eskukoena. Orain, nobedadeen azokan euskarazko eta gaztelerazko azken liburuak eskuratu ahal izango dira, %10eko beherapenarekin. Guztira 40 postu izango dira Gipuzkoa plazan goiz eta arratsaldez. Haur eta gazte literatura, sukaldaritza, historia, pintura, artea, euskal diskoak... Eskaintza zabala izango da. Andoni Arantzegi Gipuzkoako Liburusaltzaileen presidentearen ustez, «guretzako oso garrantzitsua da liburuak kalera ateratzea, jendea irakurzaletasunera gerturatzen baita modu honetan».
Literatura unibertsaleko bi liburu aurkeztuko dira euskaraz, Malcom Lowryren
Sumendiaren azpian eta Andre Malrauxen
Esperantza. Bestalde, Euskadi Sariak banatuko dira gaur. Aurten gaztelerazko libururik salduena Carlos Ruiz Zafonen
El juego del angel izan da eta euskaraz Iñigo Aranbarriren
Zulo bat uretan. Zafon Donostiara ez dela etorriko esan dute antolatzaileek.
Idazleen firmak asteburuan
Euskal idazleak Liburu eta Disko Azokara gerturatuko dira asteburuan bi txandatan, 12:00etan eta 18:30ean. Mariasun Landa, Pako Aristi, Karmele Jaio, Begoña Zabala, Jose Luis Urrutia, Pedro Martin edo Castillo Suarez izango dira, besteak beste.
Azokaren inguruan beste jarduera batzuk ere prestatu dituzte. Uztailaren 10ean Felipe Juaristi idazlea eta Allan Owen pianojolearen emanaldia izango da 19:00etan San Jeronimo kaleko liburutegian.
Irakurleen ikerketa
Euskal Autonomia Erkidegoan egindako irakurzaletasunari buruzko ikerketa baten arabera, irakurleen erdia baino gehiago euskaraz irakurtzeko gai da. Irakurleek gehien aipatu dituzten euskal liburu eta idazleak ere plazaratu dituzte. Horien artean daude Ramon Saizarbitoriaren
Gorde nazazu lurpean, Anjel Lertxundiren
Ihes betea, Koldo Izagirreren
Sua nahi, Mr. Churchill, Joxe Azurmendiren
Espainiaren arimaz edo Joan Mari Irigoienen
Odolean neraman.
Bestalde, ohiko irakurleek gero eta gehiago irakurtzen dutela ikusi dute antolatzaileek ikerketa honetan. Lehen aldiz 10 eta 13 urteko haur eta gaztetxoek parte hartu dute ikerketan eta bere lehenengo zaletasunen artean omen dago irakurzaletasuna, telebistaren aurretik. Bestalde, EAEko irakurzaletasuna Espainiakoarekin alderatuta altuagoa da baina Europarekin alderatuta batezbestekotik urrun dago.
Liburu azoka
Non. Gipuzkoa plazan.
Noiz. Uztailaren 13a arte.
Ordutegia. Goizez 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 17:00etatik 21:00etara. Larunbat, igande eta jaiegunetan ordu erdi gehiago.