Itsasertzeko 200 toldo kendu dituzte Kontxan
Hondartzak
Oinarriak euren tokitik irten daitezke itsasgorarekin, eta bainulariei min egiteko arriskua dago.
estitxu zabala
Martxoan hiru hondartzetako hondar ugari itsaso barrualdera bultzatu zuen denboraleak, eta hondar asko gabarroi inguruan pilaturik dago orain. Horrek arazoak sortu dizkie langileei hondartzetan toldoak eta eguzkitakoak jartzeko garaian. Ekainean Kontxan eta Ondarretan itsasotik urrutiago jarri zituzten egurrezko oinarriak, hondar lehorragoan. Azken asteetan itsasoa nahiko harro ibili da, eta segurtasunagatik Kontxan uretatik gertuen zeuden toldoen lehen bi lerroak kendu zituzten asteazkenean.
Itsasoak gora egitean, toldoen oinarriak ur azpian ezkutaturik geratzen dira, eta hondarretatik ateratzeko arriskua dago. Bainulariak oinarri horiekin minik hartu ez dezaten erabaki dute arriskua sor dezaketen oinarriak kentzea. Astelehenean itsasoak hobera egiten badu, berriro ere zutoinak euren tokian jarriko dituzte. Asteburuan ez dituzte berriro jarriko marea altuak izango direlako.
Zerbitzu erdia kenduta
Kontxan 200 toldo eta egjuzkitako inguru kendu dituzte zerbitzutik, hau da, toldoen erdia utzi dute zerbitzutik kanpo. Hala ere, erabiltzaileek dagozkien hiru aulkiak erabiltzeko aukera izango dute. «Metereologia arrazoiengatik Udalak horrelako erabakiak hartzeko eskubidea du», argitu zuen atzoko prentsaurrekoan Alberto Rodriguez hondartzetako zinegotziak. Oinarriak bere horretan mantentzea arriskutsua izango litzateke Rodriguezen ustez. Ondarretan ere arazoak sortu dira, baina zerbitzu osoa mantendu dute.