'Stars', atzerrian dauden dantzaren izarrei omenaldia irudietan
Erakusketa
Uztailaren 13a arte izango da ikusgai atzerriko konpainietan dantzari nagusiak diren profesionalei eskainitako argazki erakusketa Victoria Eugenian.
nerea lizarralde
Tamara Rojo Ingalaterran, Lucia Lacarra Alemanian, Igor Yebra Frantzian, Asier Uriagereka Monakon, Angel Corella AEBetan, Iker Murillo Suitzan... Espainia eta Euskal Herriko hainbat dantzari ari dira lanean atzerrian. Arrakasta izugarria lortu dute askok eta batzuk bere ibilbide artistikoaren puntu gorenean daude egun. Ia 400 dantzari joan dira Euskal Herria eta Espainiatik atzerriko konpainiekin lan egitera. Errealitate hau jaso nahi du hain zuzen
Stars, dantzaren izarrak, kanpoan daudenak, argazki erakusketak. Horien artean daude Jone San Martin, Alicia Amatriain eta Urtzi Aranburu dantzari donostiarrak.
Errioxako Dantzaren Etxeak prestatu du argazki erraldoiez osaturiko bilduma. Perfecto Uriel erakusketaren arduradunak esan duen bezala «momenturik ederrenean irudikatu dituzte argazkilariek. Ez genuen inor baztertu nahi baina argazkien neurriek guztiz baldintzatu gaitu».
Guztira 23 irudi daude eta 2 metro ditutuzte altueran eta 1,5 metro zabaleran. Argazki ikusgarriak dira. Murtzia edo Malagan izan da erakusgai bilduma bera eta Donostiatik Segoviara eramango dute.
Urielen ustez dantzarien exodoa guztiz ulergarria da: «Hemen ez dago dantzari hauek kontratu ditzakeen konpainiarik eta beraz luxuzko etorkin bihurtzen dira».
Erakusketa hau dFeriaren jarduera osagarri gisa antolatu dute, jaialdiaren disziplina artekotasuna azpimarratzeko asmoz. Uztailaren 13 a arte Victoria Eugenia Antzokiaren sarreran izango dira ikusgai irudi hauek honako ordutegian: Goizez 11:00etatik 14:00etara. Uztailaren 8an 17:00etatik 19:45etara, 9an 17:00etatik 18:45era. 10 eta 11n 20:00ak arte eta 12tik 13ra soilik goizez.
dFeriak beste erakunde publikoekin sinergiak batu nahi ditu
ItinerARTE
Santander eta Segoviako arte eszenikoen beste jaialdi batzuekin indarrak batuko ditu.
erredakzioa
ItinerArte Jaialdiaren I. edizioa erakunde publiko arteko sinergiak batzeko asmoz sortu da. Donostia Kultura, Santanderreko Jaialdien Jauregia, Segoviako Juan Bravo Antzokia eta AECID erakundeen egitasmoa da.