Edukira joan

Irutxuloko Hitza

Donostia
2008ko azaroak 21, Ostirala

Harpidetu zaitez!

Barraskiloak bailiran, etxe mugikorra gainean daramate alde batetik bestera. Bidaiatzeko beste modu bat da, soilagoa. Baina askeagoa. Autokarabanetako nomadek geralekua dute Berion.

Nomadak Donostian

Igone Fdez. mariezkurrena

Ekaina hasiera-hasieran inaugurtau zuten baina eguzkiak ganoraz berotzea erabaki duen arte ez da bete. Autokarabanentzako Berioko gune egokitua nazioartekoa da: Madrilgo matrikulak, Nafarroakoak, Ceutakoak... eta, azken egunotan, Australiakoak, barra-barra. Jakina, San Ferminak gertu ditugu eta ardo eta «fiesta!» egarri diren ilehoriz bete zaigu hiria.

To Panplowna

Marty Pocock eta Chrys Byronek ez dute oraindik zapi gorria lepoan lotu (gutxi faltako zaie) baina burua Estafeta kalean dute dagoeneko. Donostia ere ezagutu nahi dute bide batez eta egun pare bat egingo dute hemen. «Ikusi duguna asko gustatu zaigu, batez ere hondartzak», dio Pocockek. Dena dela, bihar bertan abiatuko dira Nafarroarantz, «panplowna» baitute helmuga.

Gosaltzen harrapatu ditugu australiarrak, goiztiar ibili baitira gaur: «Paseo Berriko aparkalekuan pasa dugu gaua baina goizeko 08:00tan poliziak itzartu gaitu handik alde egin behar genuela esanez». Mapan seinalatu diete tokia eta tirriki-tarraka iritsi dira Beriora. Hala bidaiatzen duten lehenengo aldia da, ibilgailu dotore eta modernoa erosi berri baitu Marty Pocockek. Bost laguneko koadrila polita osatu dute eta plan ezin hobea dute. Bejondaiela!

Extremaduratik

Meridako (Extremadura, Espainia) Pino Galan familiak, ordea, ez du arazorik izan gunea topatzeko. Internet bidez izan zuten honen berri, «autokarabanisten foro batean», Maria Jesus Galanek azaldu duenez. Azaroan erosi zuten ibilgailua eta, urte bete igaro ez bada ere, inbertsio paregabea egin dutela argi dute, maite dute bidaiatzeko modu hau: «Gustoko dugun tokia ezagutzeko aukera bermatua dugu hotelak toperaino beteta izan arren eta mugikortasun askatasuna erabatekoa da». Merkeagoa ere badela azpimarratu du, nahiz eta petrolioaren garestitzea kolpe gogorra izan den: «Pentsa etxetik honaino zenbat diru xahutu dugun gasolinan!».

Bi egunerako etorri dira, «senarra lasartearra da eta, aspaldiko partez, familia bisitatzera etorri gara». Bihar, baina, Pariserako bideari ekingo diote, Disneylandera joango dira. «Bien bitartean, hementxe gabiltza, eguzki bila, Donostiako kostaldearekin gozatzen».

Ibilbide luze xamarra dute ur ertzera iritsi arte baina hori, antza, ez da traba familia honentzat: «Asko gustatzen zaigu paseatzea eta, zentzu horretan, aparkalekuaren kokalekua ona dela uste dugu». Bestelakoan ere, ez diote gabeziarik sumatzen: «Ezagutzen dugun onenetakoa da. Oso lasaia da eta, gainera, beharrezko diren baliabide guztiak ditugu hemen eskuragarri: ur zikina husteko tokia, iturria, andela betetzeko ur-irteera egokitua, zaborrontziak...».

Zorrotz jarrita, itzala falta dela dio Maria Jesusek. Baina ez zaie axola, oporretan daude eta alaitasuna familiako txakur txikiaren zaunka doinuan ere nabari da.

Betidanik kanpinlari

Pilar Ornilla eta bere familiak ere Berion egin dute gaua, «primeran gainera!». Miranda de Ebrotik (Burgos, Espainia) etorri dira eta lehenagotik ere egonda ziren arren, liluratuta daude hiriarekin. Aitzitik, karabanarekin etortzen diren lehenengo aldia da eta, poltsikoetan behintzat, sumatu dute aldea: «Hotelak eta jatetxeak oso garestiak dira hemen eta, bidaiatzeko dugun modu honekin, gastu hori saihestea lortzen dugu».

Kanpinlariak dira betidanik eta gustuko dute bidai-molde hau: «Uda nahiz negua izan, ahal dugun guztietan, etxeko hozkailuan dugun guztia autokarabanako hozkailura pasa eta bideari ekiten diogu, inon erreserba egiteko beharrik gabe». Sukaldea, dutxa eta oheak dituen etxe mugikorra daukate, azken batean; aspertzen direnean, tokiz aldatu ahal izateko. «Hori bai, hemen ez dago hoteletako luxu eta zerbitzurik», dio Pilarrek.

Lagun pila egin dituzte Berioko txokoan igaro duten denboran, «italieraz ere ikasi dugu!» , eta umeek ikaragarri gozatu dute beste haurrekin jolasean.

Ohea izatearekin nahiko

Mexikarra da Daniel Solis baina familia eta «oso lagun onak» ditu hemen. Horregatik, 2 hilabete daramatza Euskal Herrian barna bere furgonetarekin bidaiatzen. «Senideak eta adiskideak ditut gidari», dio. Bilbon egon berri da eta, gure hiria oso ezaguna duenez, berehala hartuko du Iruñearanzko bidea. Berioko gune egokitua asko gustatu zaiola dio baina egia esateko, gutxirekin konformatzen den horietako da Daniel: «Oporretan ohea besterik ez da behar, lo egiteko. Gainerako orduak kalean pasatzea da hoberena, udako giro gozoa arnasten».

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Erakusketa

'Donostiari begira'
DONOSTIA, Historiaren Etxea, Motako Gaztelua (Urgull) - 2008-01-08

Erakusketa

Egiatik. Tabakaleraren memoria eta etorkizuna
EGIA, Tabakaleran - 2008-10-24

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa