Mendia
Marko Sierrak eta Javi Martinezek Euskal Herriko 594 mendi igo dituzte azken urteetan.
xabier etxabe
Edurne Pasaban, Alberto Iñurrategi... munduko tontorrik garaienak zapaldu dituzten mendizale ugari dago Euskal Herrian. Himalaia aldeko parajeak nolakoak diren ezagutzen ez badituzte ere, Euskal Herriko zokoak inork baino hobeto ezagutzen dituzte Marko Sierra eta Javi Martinez donostiarrek.
Federazioak 1999. urtean kaleratu zuen mendien katalogoa aintzat hartuta, ekainaren 7an lortu zuten katalogo horretan zehaztutako Euskal Herriko 549 mendiak zapaltzea. Katalogoko mendi zerrenda betetzeko asmoa 1.999an jarri bazen martxan, ordurako Javi Martinezek eta Marko Sierrak utzita zuten beren arrastoa Euskal Herriko hainbat menditan.
«Aita eta anai-arrebekin tarteka mendira joaten nintzen eta aitak igotzen genituen mendi horien zerrenda osatzen hasi zen», gogoan du Marko Sierrak. Buruntza (Andoainen) izan zen, hain zuzen, Marko Sierrak bederatzi urte zituela igo zuen lehendabiziko mendia. «1999 urte amaieran mendi katalogoa erosi eta katalogo horretako mendi asko, 80 bat, igota nituela konturatu nintzen».
2000an ezagutu zuten elkar Javik eta Markok eta biek dagoeneko mendi ugari eginda zituztenez, elkarrekin falta zitzaizkien Euskal Herriko mendiak igotzen hasi ziren.
Duela hiru bat urte, 82 mendi egin zituzten urtebetean. Ia astebururo mendiren bat igotzeko bidean ziren. «Ia astebururo mendira banindoan ere, ez nion parrandan ibiltzeari utzi; gogoan dut, gainera, behin aurreko gauean sagardotegira joan eta hurrengo egunean mendian pasa nituen komeriak» dio Marko Sierrak. Mendira joatea eta ligatzea, gainera, bateragarriak direla uste du Sierrak. «Mendian ere ligatzen baita».
Mendira, hirian topatzen ez duen beste freskura baten bila abiatzen da Marko Sierra. Bilaketa honek Euskal Herria zoko guztiak ezagutzera eraman ditu, jende eta herri anitzekin egin du topo eta horrek «herriaren inguruan irakurketa berezia egiten lagundu digu».
Donostiaren irakurketa
Euskal Herriko inguruaren irakurketa ez ezik, hiriaren irakurketa egiteko ere baliatu dute Marko Sierrak eta Javi Martinezek.
Katalogoan ez dira mendi guztiak sartzen, baxuena Bilbo inguruan dagoen Munarrikolanda da (257 m.), hortaz, katalogotik kanpo geratzen dira herritarrentzat hain ezagunak diren Ulia, Urgull eta Igeldo.
Denera, hiru dira katalogoak Donostiako lurretan kokatzen dituen tontorrak. Batetik, Mendizorrotz dago, 415 metro ditu eta Marko Sierraren ustez, mendi honen ezaugarri nagusia antenez pilatuta egotea da. «Parke eolikoak, pistak... denetarik topatu dugu, Euskal Herrian antena gehien duen mendia, ordea, Mendizorrotz da. Lagunek Antenamendi deitzen diote».
Bigarrena, Igoin da 457 metrorekin eta hirugarrena, Donostiako tontorrik garaiena da. Urdaburu du izena, Errenteria aldean dago eta 598 metro ditu.
Hiri inguruko mendiak baino beste lurralde batzuetako tontorrak nahiago ditu Sierrak. «Irubelakaskoa mendia oso polita da, Nafarroan dago eta oso forma polita du piramide itxurakoa. Mila metrotik behera, Urdaibaien, oso politak diren tontor txikiak daude, Urdaibai osoa ikusteko aukera eskaintzen dutenak. Klasikoak badira ere, Txindoki eta Anboto ere ikaragarriak dira». Auñamendi mendia ere Euskal Herriko mugatik kanpo badago ere, «mendi magikoa» dela dio Sierrak.
Mendi bakoitzean istorio bat
594 mendiko ibilbidean, tontor polit, itsusi, erdipurdiko... era guztietako mendiekin egin dute topo. Haietara iristeko, gainera, hamaika izan dira bizitutako pasadizoak. «Mendian galdu gara, elkarrekin haserretu gara, Nafarroan hartzak bizi diren eremuan ibiltzeagatik argazkiak atera dizkigute, Ertzaintzaren tiro gune batean sartu gara, basakatu bat ikusi dugu bi metrora eta eguraldi txarraren ondorioz, larrialdi une ugari bizi izan ditugu... mendi bakoitzean istori desberdin bat bizi izan dugu», adierazi du Marko Sierrak.
594 mendi hauetan ikasi eta ikusitakoarekin liburua kaleratuko dute beharbada.