ARIEL ZURROð- Igeldoko Garoa kanpineko gerentea
«Ederra da bezeroak pozik doazela ikustea»
Kanpina
Bungalowak, autokarabanak eta kanpin-dendak. Denentzako eta askotarikoentzako tokia dute Igeldoko kanpinean.
igone Fdez. mariezkurrena
Ariel Zurro tolosarrak 21 urte daramatza Igeldoko Garoa kanpinean gerente lanetan eta adeitasunez erakutsi dizkigu bere bigarren etxeko txokoak. Mugimendua nabari da, izan ere, lursailaren %80betea dute egunotan. Dena dela, egoera pasa den urtetan baino motelagoa sumatzen duela dio. Betikoak ez dira falta, ordea. Giri koadrila bat ikusi dugu harrasketan bezperako parrandako arropa zikinak garbitzen.
Badirudi sanferminak nabari direla Igeldon ere.
Urtero igartzen dira, urtero izaten dugu igoera txiki bat egunotan. Iruñea kolapsatua egoten da eta jendeak nahiago izaten du kanpin-denda hemen muntatu gaua lasai pasatzeko eta Nafarroara egunpasa joan. Eta beste askok alderantziz egiten dute: gaua han eta eguna hemen!
Zeintzuk izaten dira zuentzat lan handieneko asteak?
Uztailarekin batera hasten da garai biziena. Orain, San Ferminen ostean, geldialdi txiki bat izan ohi dugu eta gero, Jazzaldiarekin batera gora, gora, gora Aste Nagusia iritsi arte. Zalantzarik gabe, abuztua da guretzat hilabete lanpetuena eta, honen baitan, Aste Nagusia da izarra. Gero, berriz, beheraldia. Dena dela, aurtengo udarako aurreikuspenak ez dira oso baikorrak. Orain arte betetzea oso eskasa izan da eta krisia tarteko... ez dakit zer gertatuko den. Eta, noski, eguraldiak ere erabat baldintzatzen gaitu.
Australiar asko, ezta?
Ez pentsa. Kaliforniarrek eta australiarrek gehiago jotzen dute Zarautz aldera. Hemen denetarik izaten dugu uztailean. Frantsesak eta espainiarrak konstanteak izaten dira baina, hori bai, abuztuko lehenengo hamabostaldian italiarrek betetzen dute kanpinaren %60.
Zein eramangarrienak?
Herritartasunak baino gehiago, jendeak dakarren asmoak baldintzatzen du hori. Bikote helduek edota haur txikiak dituzten familiek plan lasaia ekarri ohi dute. Koadrilan datozen gazteak, ordea, pittin bat zalapartatsuagoak izaten dira.
Eta zer uste dute hiriaz?
Asko gustatzen zaie Donostia eta gure bizimodua, eta Gipuzkoakoa orokorrean. Ingurua ere apreziatzen dute: Zarautz, Hondarribia, Iparraldea... Beti eskatzen digute informazioa eta aholkua; nora joan, non bazkaldu...
Kexaren bat izan al duzue kanpina hiriko bakarra delako edo bere kokalekua dela-eta?
Egia esateko, ez. Oso ongi komunikatuta gaude hirigunearekin autobusa ordu erdiro pasatzen delako hemendik. Gainera, hondartzara edo pintxotara joateko autoa hartzearena arazo handia bilakatzen da aparkatzeko garaian. Bestalde, harrera-lekuan soilik abuztuan izaten ditugu jende pilaketak.
Udalak eskuartean omen du Altzan kanpin berri bat eraikitzea.
Ez dut epaitu nahi hirian beste kanpin bat eraikitzeak izan lezakeen errentagarritasun maila. Gu soilik bi hilabetez aritzen gara topera lanean. Udako hilabeteetarako langile kopurua bikoizten dugu baina, bestela, urtean zehar, 12 lagun aritzen gara hemen. Urte osoan zehar mantentzen dugu kanpina zabalik eta instalazioak errendimendu osoan uste dugulako Donostiak bermatu behar duela alternatiba hau. Kanpin-bizitza maite duten bezeroek aukera bat eduki behar dutelako hirian. Baina, tarteka, hau hutsik egoten da.
Nolakoa da neguan hurbiltzen den turista?
Normalean bikote helduak izaten dira eta, kasu askotan, erretiratuak. Gehientsuenetan Herberehetatik etortzen dira Espainia hegoalderako, mediterraneoalderako bidean. Atseden hartzeko geratzen dira hemen, behin behinean eta bi egun inguru ematen dituzte.
Bezeroekiko harremana ere estuagoa izango da neguan.
Bai baina, negua nahiz uda izan, beti dugu norbait harreran. Jende gaitua dugu lanean, bezeroak atsegintzeko.
Gustatzen al zaizu hau?
Gustatzen zait jendearekin lan egitea, gustatzen zait tratua. Ederra da bezeroak pozik ikustea eta egunero-egunero konplitu duzula sentitzea.
«Donostiak kanpinaren alternatiba bermatu behar duelako mantentzen dugu zabalik urte osoan»
«Neguan 12 lagun aritzen gara hemen eta, tarteka, hau hutsik egoten da»
«Abuztu osoa eta bereziki Aste Nagusia da, zalantzarik gabe, lan handieneko garaia»
«Lehenengo hamabostaldian italiarrek betetzen dute kanpinaren %60»