Zinema
Zentsuraren aurka bi urtez egin ondoren, Fernando Larruquert eta Nestor Basterretxeak1968ko Donostiako Zinemaldian lortu zuten 'Ama Lur' filma Victoria Eugenia Antzokian estreinatzea.
nerea lizarralde
Unamuno edo Pio Baroja bezalako pertsonaiak, Bizkaiako labe garaiak, Artze anaien txalaparta, irrintziak, dorretxeak, Mirandaolako burdindegia, Chillidaren eskultura, Lanzeko inauteriak, Amerikako Estatu Batuetara joandako artzaiak, Kontxako estropadak... Euskal Herriari eskainitako kantu poetikotzat jo dute
Ama Lur. Filma estreinatu zen testuinguruak eta jendaurrean proiektatzeko izan zituzten arazoek filma mito bihurtu dute.
Aurten 40 urte bete ditu euskal zinemaren lehenengo film modernotzat duten lanak. Bide luze eta gogorra izan zen
Ama Lur filmarena. Batetik, sortzaileek urtebete eman zutelako Euskal Herrian zehar errodatzen eta bestetik, filmaren irudiek zentsuraren mesfidantza piztu zutelako.
Proiekzio hunkigarria Astoria zinema aretoan
1966ko udazkenean hasi ziren Fernando Larruquert eta Nestor Basterretxea filma errodatzen. Azkenean, 1968an estreinatu zuten Donostiako Zinemaldian eta lehiaketatik kanpo, uztailaren 10ean. Orduan, Zinemaldia egun baino bi hilabete lehenago egin ohi zuten. Egun berean eta ordubete geroago Astoria zinema aretoan proiektatu zuten eta publikoaren harrera beroagoa izan zen (Victoria Eugenia klasistagoa omen zen). Aretoa lepo zegoen eta lekukoek egun hartan bizitako tentsio uneak dituzte gogoan. Bukaeran publikoa zutik jarri, txaloka hasi eta filmaren amaieran entzuten den
Agur Jaunak-en kantuarekin bat egin zuten, Espainiako poliziaren begiradapean.
Filmak egun duen garrantzia ulertu ahal izateko behar-beharrezkoa da 60.eko hamarkadako testuingurua ezagutzea. Une hartan Euskal Herriak bizi zuen egoerarekin lotura zuzena baitu filmak.
60.hamarkada Euskal Herrian
«Garai hartan ez genituen Euskal Herriaren lotura fisiko eta kulturalak ezagutzen eta guk hori islatu nahi izan genuen
Ama Lur dokumentalean. Zer da Euskal Herria? Zer da euskal kultura?, Nolakoa da gure herriaren arima? Galderez jositako filma da», Fernando Larruquert zuzendariaren hitzak dira. Basterretxeak eta Larruquertek
Pelotari filma errodatu zutenean pentsatu zuten Euskal Herriari buruzko filma egitea.
Nestor Basterretxeak Euskal Herrian inspiratutako film bat egitea proposatu zion Larruquerti eta abentura berriari ekin zioten berehala: «Edertasun eta aberastasun kulturala azaltzea izan zen gure hasierako asmoa», azaldu zuen Basterretxeak. Herritik eta herriarentzat egindako lana egin nahi zuten. Proiektua bera ere herriari esker egin ahal izan zuten, jendearen babesa izan baitzuten filma finantzatzeko.
68ko maiatza, Meliton Manzanasen aurkako atentatua, Gabriel Arestiren
Harri eta Herri poesia liburua, Gaur taldea, euskara berreskuratzeko bultzada eta lehenengo ikastolen sorrera, Ez Dok Amairu musika taldea, diktadura frankistaren errepresioa, erresistentzia sozial eta kulturala...
Moldaketak, Frankismoaren zentsura gainditzeko
Zentsurari aurre egiteko
Ama Lur dokumental turistiko eta folkloriko gisa aurkeztu zuten. Lanaren funtzio artistiko azpimarratu zuten. Errodatzen hasteko baimena lortzeko ez zuten arazorik izan, baina arazoak bi urte beranduago iritsi ziren lehenengo muntaia aurkeztu zutenean. Frankismoaren zentsurak ez zuen filma proiektatzeko baimenik eman eta ez sortzaileei ere ez zien inolako argibiderik eman.
Larruquertek eta Basterretxeak gogor egin behar izan zuten informazio zehatzagoa lortzeko. Filma proiektatu nahi bazuten ondorengoa aldatu behar zuten: Gernikako Arbola udaberrian girotu behar zuten eta ez elurtuta, Picassoren Gernikaren irudia desagertu behar zen eta Espainia hitza hiru aldiz agertu behar zen halabeharrez. Aldaketa horiek ere ez ziren nahikoa izan eta luze eman zuten Donostiako Zinemaldian filma proiektatu arte.
Basterretxeak eta Larruquertek sinbologiaz josi zuten pelikula eta frankismoaren hatzaparretatik salbatu zituzten Euskal Herriarekin lotutako hainbat ideia: Arroken aurka egiten duten zazpi olatuak, kolore zuri gorriak...
Egun Ama Lur-en bertsio digitala dago, baina garai hartan kopia bakarra zegoen eta filmaren zintak ziztu bizian eraman zituzten pixkanaka Victoria Eugeniatik Astoriara, ordu erdiko zintak bobinetan sartzen hasteko.
Askotariko iritziak sortu zituen filmak, baina guztiak bat datoz garaian izanda eraginaren garrantziarekin.
«Astorian egin genuen proiekzioa interesgarriagoa izan zen, herrikoiagoa»
FERNANDO LARRUQUERT ð'- Ama Lur' filmearen zuzendaria.
Elkarrizketa
Azkeneko 25 urteetan bere familiarekin batera osatutako Lamia kolektiboarekin argazkigintzan lan egin du.
N.L.
Musika, zinema eta argazkilaritzan ibili da Fernando Larruquert. Oteiza lagun mina zuen eta haren bidez ezagutu zuen Basterretxea.
Nola gogoratzen duzu estreinaldi eguna?
Zineman lan egiten nuenean film bat bukatzen nuenean ez nuen film horretaz ezer gehiago jakin nahi. Urte batzuk igarotzen direnean eta proiekzio bat ikusten dudanean gauza batzuk beste modu batean egin nitzakeela pentsatzen dut. Buruz dakit filma. Zeure burua ispiluan ikustea bezalakoa da niretzat. Akats eta birtute guztiak ikusten ditut, beraz, hobe ezer ez jakitea. Proiekzioaren eguna ere gogoan dut. Astoriako proiekzioa interesgarriagoa izan zen. Victoria Eugenian txaloak izan ziren eta publikoaren erantzuna adeitsua eta atsegina izan zen, baina Astorian giro herrikoiagoa izan zen .
Orain Ama Lur ikusten duzunean zer sentitzen duzu?
Zintzo erantzungo dizut. Ezer ez. Ni horrelakoa naiz. Orain
Euskal Herria Musika ikus dezaket eta jakina, ,kariño handia diot baina ezer gehiago. Sakon sakonean ezagutzen dituzu eta ez dizute ezer esaten.
Nola sortu zen proiektua?
Pelotari grabatzen ari ginen bitartean sortu zen. Ez dut ondo gogoratzen, baina uste dut Nestorren ideia izan zela. Elgoibartik Markinara bidean geunden bihurgunez betetako errepide batean. Gu biotako batek galdetu zuen, ´zergatik ez dugu Euskal Herriari buruzko zerbait egiten?´ Bitxikeria bat ere kontatuko dut. Lantabaten geunden, Nafarroa Beherean, disko formako hilobien artean eta emakume edadetu bat etorri zen guregana. Zertan ari ginen galdetu zigun eta guk Euskal Herriari buruzko film bat grabatzen ari ginela esan genionean hark ´zertarako?´, galdetu zigun. ´Elkar ezagutu dezagun. Zuk ezagutzen al duzu Bilbo?´, esan genion. ´Nola ez dut bada Bilbo ezagutuko? Ez al da eskopetak egiten dituzten herria?´. Erantzun hura ez zait sekula ahaztuko. Guk orduan ez geneukan informazio iturririk. Gure herriari buruz jakin nahi nuen eta Telesforo Monzonen etxera joaten nintzen Donibane Lohizunera. Liburutegi izugarria zuen. Hendaiako farmazia batean liburuak uzten zizkidan... Txikitatik gure herriarekiko maitasunean hezi ninduten eta hutsune handiak nituela ikusi nuen. Nire familiaren Urdaine baserriko ipuin eta kondairak, besterik ez nituen ezagutzen.
Zein asmorekin egin zenuten?
Ez dut inoiz tesirik egin nahi izan, ezta inolako leziorik eman nahi. Nik galderak egiten ditut eta horiek irudietan islatzen ditut denborarekin, tenpoarekin, alegia. Nik hor dagoen guztia jaso dut. Pixka bat sakonduz gero gauza asko ezagutzeko aukera dago.
Nola ezagutu zenuen Basterretxea?
Oteizaren bitartez ezagutu nuen. Gure osaba Peio Otxoteko albaitaria Oteizaren ikaskide izan zen Lekarozen. Oteiza Irunera etorri zen eta Otxotekok Basterretxea eta Oteizaren estudioa izandako lursaila bilatu zion. Nik garai hartan gure aitaren haizea girotzeko eta berogailu tailerrean egiten nuen lan eta etxe hartan arkitekto lanetan ari zena gure tailerrera etortzen zen. Oteiza ezagutu nuen lehenengo, 1957an, eta Basterretxea ondoren.