Txirrindulari gazteek ikuskizun polita eskaini dute gauez
Amara Osinaga Txirrindularitza kriteriuma izan da jaietan; saskibaloi txapelketarik ez dute egin euriarengatik.
raul perez
Gazteak izanagatik ziztu bizian aritu ziren kadete mailako 30 bat txirrindulari herenegun gauean Amara Osinagan. Auzoko festetako berrikuntza nagusia izan da aurten kriteriuma. Xabier Perez hernaniarrak etxeratu zuen sari nagusia.
Puntuaketa proba jokatu zuten aurrena. Ioritz Urdangarin ataundarra nagusitu zen, Xabier Perez eta Mikel Iturria urnietarraren aurretik. Hamar minutuko atsedenalditxoa eta gero, kanporaketa proba jokatu zuten. Bira bakoitzean, tropeleko azkena lasterketatik kanpo geratzen zen, harik eta hiru txirrindulari gelditu arte. Hiru horiek jokatu zuten azken esprinta eta Xabier Perez nagusitu zitzaien Unai Jauregi eta Jon Ander Insaustiri. Txomin Perurena txirrindulari ohiak eta Lander Aperribay Euskaltel Euskadiko txirrindulariak eman zituzten sariak. Batez ere helmuga inguruan pilatu ziren ikusleak
Txirrindulariak lehiatzen ziren bitartean, jaietako danborrada jo eta jo ibili zen, mahoi koloreko jantzia soinean, Realaren ereserkia eta beste hainbat martxa. Martzelino Soroa plaza indarberritzeko aukera izan zuten danborradako kide guztiek.
Saskibaloia bertan behera
«Eguraldia lagun eduki izana ia miraria izan da», zioen herenegun gauean Jose Luis Fernandez auzo elkarteko kideak. Arrazoia zuen. Izan ere, goiz partean euria bota zuen eta errepidea bustita izan balitz kriteriuma beharbada bertan behera utziko zuten. Zorionez, errepidea lehorra zegoela eragin zieten pedalei txirrindulari gazteek. Atzorako jai batzordeak beste berrikuntza bat prestatua zuen: 3x3 saskibaloi txapelketa. Hala ere, goizean goiz euria ari zuela ikusirik bertan behera uztea erabaki zuten. Haurrentzako puzgarriei, ordea, eutsi egin zieten.
Gaur, trenez
Gaur bukatuko dira jaiak, eta jai jarduera bitxia izango da. Tren txikietan ibiltzeko aukera izango dute auzotarrek, goizez eta arratsaldez. Bestalde, jai batzordeko kideek gogoan izaten dituzte urtero Zorroagako aitona-amonak, eta gaur omenalditxoa egingo diete Gregorio Ordoñez kalean.