Edukira joan

Irutxuloko Hitza

Donostia
2008ko azaroak 21, Ostirala

Harpidetu zaitez!

HEMEN DA JEFEA

Kontzertua

Ia 40.000 zalek New Jerseyko izarraren distira ikusiko dute gaur gauean Anoetan.

NEREA LIZARRALDE



Iritsi da eguna. Bruce Springsteenen jarraitzaileek denbora asko daramate momentu honen zain. Ordu gutxi falta dira eta irrikitan daude denak... eztarria urratzeko, kamiseta bustitzeko eta bi orduz Springsteen eta bere bandaren parte sentitzeko.

Ba al da inor bizirik hor?

40.000 zale inguru dena emateko prest agertuko dira gaur Anoetan. Rockaren piztiaren orroa entzuten hasi dira dagoeneko. The Boss-ek «Is There Anybody Alive Out There? (Ba al da inor bizirik hor?)» deiadar ezaguna egiten duenean hasiko da gau magikoa. Bruce Springsteen eta The E Street Bandaren rock ikuskizun magikoa.

Aparteko ibilbidea

Poesiaz beteriko baikortasuna eta esperantzaren aldeko himno zahar eta berriak daude Springsteenen errepertorioan. Amerikar ametsaren ezkutuko aldea begi bistan uzten duten horietakoak, noski. Estatu Batuetako kaleetako borroka eta biziraupen istorioak kontatzen hasi zen Darkness on the Edge of Town diskoan. Hura izan zen bere aurkezpena. The River bilduman rock indartsu eta lazgarriagoa egin zuen, Nebraskan melodia zintzo eta sakonak eta The Tunnel of Loven bere alderik erromantikoena erakutsi zuen. Born In The USA diskoarekin lortu zuen nazioarteko ospea eta rockaren izar bihurtu zen 80. hamarkadan, herri kulturaren sinbolo eta figura.

'Magic'-ekin itzulera energiko eta indartsua

The Rising diskoan rock gogor eta puruarekin itzuli egin zen. Lan ilun eta tristeenetakoa omen da Irailaren 11 New Yorkeko atentatuen eraginpean idatzi baitzituen lan honetako letrak. Iaz, ordea, Magic bilduma argitaratu zuen eta bere musika inoiz baino biziagoa eta indartsuagoa dagoela erakutsi zuen.

Springsteen erdipurdiko ikaslea izan zen eta unibertsitatetik bota zuten intelektualki ezgai omen zelako. Musikan izan duen anbizioa bere aitaren porrotaren aurkako erreakzioa izan dela onartu du artistak: «Aita ozpinduta bizi zen fabrikako lana eta familia aurrera atera ahal izateko egin behar izan zuen esfortzuagatik». Bob Dylan miresten du «bere erantzun propioak bilatzen dituelako eta sekula ez duelako bide komertzialetik tira egin».

Rockaren piztia

16 urterekin musikan hasi zenetik aparteko ibilbidea egin du Springsteenek eta jarraitzaile amorratu eta fidelak izan ditu hasieratik. 58 urte bete ditu aurten eta inork ez du zalantzan jartzen The Boss-en grina sutsua.

Duela zortzi hilabete Bilbotik pasatu zen Bruce urakana eta zur eta lur utzi zituen han bildutakoak. Orain Donostiaren txanda izango da. Rockaren zurrunbiloak harrapatuko ditu Springsteen zale guztiak.

 

ORDUA



18:30

Irekiera. Ordu horretan irekiko dituzte Anoeta Estadioko ateak. Kontzertua 22:00etan hasiko da.



 


Amerikar ametsaren ezkutuko aldea begi bistan uzten duten abestiak egin ditu



 

Bruce Springsteenen diskoek arrakasta izaten badute ere, 'The Boss'-en jarraitzaileek diote haren kontzertu batean egon arte ez dela benetan miresten New Jersey-ko artista.

Izerditan ikusi behar da Bruce

erredakzioa



Bruce Springsteenek eta The E Street Band-ek eskaintzen dutena «gaur egun munduan ikus daitekeen rock & roll musikan dagoen zuzeneko emanaldi onena» da Rolling Stone musika aldizkari garrantzitsuaren iritziz. Ikuskizun hau Anoetan ikusi ahal izango da gaur.

Springsteenen zaleentzat diskoak garrantzitsuak badira ere, bere kontzertuak ikusteko aukera berriak besterik ez dira. Munduan zehar zabalduta dauden The Boss-en zale taldeek haur jaio berri bat bailitzan ospatzen dute disko berria kaleratzea. Horrek ematen baitie aukera beren idoloa zuzenean berriro ikusteko. Artistaren inguruko foroetan antolatu, eta mundu osoan zehar bere birak jarraitzen dituztenak ere badira.

Ikusgarria oholtza gainean

Kontzertua hasten den unetik dena ematen duen horietakoa da Springsteen. Zale fidelenek diotenez, «izerditan hasten den unean hasten da Bruce benetan ikuskizunaz gozatzen». Ikusleekin harreman estua izaten du eta haiek kontzertuaren parte direla sentitzea gustatzen zaio. Horregatik, askotan oihuren bat botatzen du eszenatokitik entzuleek erantzuteko.

Ikusleekin harremana estua izaten denez, giroa berotzeko erraztasuna izaten du New Jerseyko izarrak. Baina bere kantutegia ere oso ongi aukeratzen du horretarako. Magic diskoa aurkezteko egiten ari den bira honetako bigarren zati honetan, diskoko abesti gutxiago ari da jotzen eta bere ibilbidean zehar klasiko bihurtu diren beste kanta batzuei ari zaie tartea egiten. Honela, azken kontzertuak Bilbon azaroan eman zuena baino luzeagoak izaten ari dira. Joan den ostiralean Helsinkin emandakoak hiru ordu eta erdi iraun zuen. Azken bira honetako azken kanta bezala, Devil With The Blue Dress On/Twist and Shout/La Bamba nahasketa erabili izan du zenbait kontzertutan. Hamabost minutuz luzatzen dute gutxi gorabera eta agur ikusgarria izaten da. Aurreko kontzertuetan Born in the USA, The River edo Drive all night klasikoak jo ditu .

E kaleko maisuak

The E Street Band-ek Springsteenek ikusleengan duen arrakastaren erantzukizun handia du. Live in New York City zuzeneko diskoan taldekide guztiak aurkezteko Tenth Avenue Freeze Out kantua erabili zuen, arrakasta ikusgarriarekin.

Bilbon ez bezala, Donostian izango da Springsteenen emaztea, Patty Scialfa ahotsean eta gitarran. Ikusleek gehien maite duena agian Clarence Clemons saxofoi jotzailea da. Sekulako musikaria izateaz gain, giro ederra eskaintzen du oholtza gainetik.

Guztiak izerditan bukatuko dute Anoetan; ikusleek bezala.



 

The e street band





 

STEVEN VAN ZANDT

Gitarra



Van Zandt kide zaharrenetarikoa da. Born to Run biran hasi zen ofizialki, banda utzi eta 1999an berriz itzuli egin zen. AEBetako The Sopranos telesail ezagunean Silvio Dante-ren papera jokatzen du.





PATTI SCIALFA

Ahotsa eta gitarra



Springsteenen emaztea da eta hiru seme alaba izan dituzte elkarrekin. 1984an hasi zen E Street Bandan. Rolling Stones taldearekin kolaboratu izan du eta bakarkako hiru disko argitaratu ditu.



 


CLARENCE CLEMONS

Saxofoia



Big Man hasieratik egon da rockero zaharrarekin. Steven Van Zandtekin batera taldeko kiderik garrantzitsuena da. Azkeneko urteetan The Temple of Soul taldean ere aritu da Clemons.





CHARLES GIORDANO

Teklatua



Apirilean 40 urtetan zehar Springsteenen lagun eta kide izandako Danny Federici hil egin zen. Bere ordez Brucekin The Seeger Sessions Band-en izandako Charles Giordano da bere ordezkoa.



 


roy bittan

Pianoa



The E Street Bandaren sortzaileetako bat da. 1975etik Bruce Springsteenen estudioko disko guztietan parte hartu du. Dire Straits, David Bowie edo Bonnie Tyler-en diskoetan kolaboratu du.





NILS LOFGREN

Gitarra



Neil Youngen bandako kide izan da 17 urte bete zituenetik. 1984an E Street Bandako kide bihurtu zen Born in the USA birarako. Bakarkako ibilbide luzea ere egin du Lofgrenek.



 


Garry tallent

Baxua



E Street Bandarekin egon baino lehen beste bi bandetan izan da Springsteenekin batera. Bandako kiderik zuhurrenetakoa da eta fokoetatik urrundu egiten da ahal duen guztitean.





MAX WEINBERG

Bateria



Weinberg 1974an hasi zen bandarekin prentsan iragarritako iragarki bati erantzun zionean. Springsteenekin ez dagoenean Conan O´Brien-en Talk Showko bandako musikaria da.



 




 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Erakusketa

'Donostiari begira'
DONOSTIA, Historiaren Etxea, Motako Gaztelua (Urgull) - 2008-01-08

Erakusketa

Egiatik. Tabakaleraren memoria eta etorkizuna
EGIA, Tabakaleran - 2008-10-24

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa