Belar hockeyko 21 urtez azpiko Europako Txapelketa, Bera Beran
Belar hockeya
Hilaren 20an hasi eta 26an bukatuko da; zortzi taldek parte hartuko dute bi multzotan banatuta.
erredakzioa
Donostiako Atletikorentzat urte berezia izaten ari da. 50 urte bete ditu klubak, eta horretaz gain, Udalak Urrezko Domina eman berri dio. Horrekin guztiarekin batera, belar hockeyko nazioarteko txapelketa jokatuko dute zortzi taldek Atletikoren Bera Berako egoitzan, hilaren 20tik 26ra bitartean. Gizonezkoen Europako Txapelketa jokatuko da hirian, 21 urtez azpikoen mailan.
Zortzi talde lehiatuko dira bi multzotan banatuta. A multzoan, Herbeereak, Espainia, Ingalaterra eta Austria ariko dira nor baino nor eta B multzoan Alemania, Belgika, Polonia eta Eskozia.
Igande goizetik
Igandean partidak goiz eta arratsaldez izango dira. Lehen norgehiagokan, Alemaniak eta Eskoziak neurtuko dituzte indarrak Astelehenean, asteartean eta asteazkenean goiz eta arratsaldez izango dira neurketak. Osteguna atseden eguna izango da eta ostiralean eta larunbatean, berriz ere, goiz eta arratsaldez jokatuko dira partidak. Final handia larunbatean, 19:00etan izango da. Bera Berako kirol gunean sartzeko ez da ordaindu beharrik izango.
Joaquin Berakoetxeak urte asko eman zituen Donostiako Atletikoren belar hockey taldean, jokalari aurrena eta taldeko arduradun ondoren. Haren bultzadapean egingo dute txapelketa. Oso garrantzitsua da, Berakoetxearen ustez, Europako Txapelketa hirira ekarri izana. «Nagusien mailako Europako Txapelketa eta gero, 21 urtez azpikoena da nagusia. Gainera, urte asko dira Europa dela belar hockeyan kontinente onena. Herbeerehak, Alemania, Espainia eta Ingalaterra munduko talde indartsuenak dira, Australiarekin batera. Indiak eta Pakistanek, aldiz, behera egin dute». Berakoetxeak hiriko gurasoei seme-alabekin txapelketa ikustera joateko gonbitea egin die. «Guraso askok ez dakite kirol hau existitzen denik ere, harik eta Bera Berara Ohorezko Mailako partidaren bat ikustera etortzen diren arte. Kirol ikusgarria eta azkarra dela jabetzen dira».