Jazzaldia hirian errotuta dagoela dio ikerketa antropologiko batek
Jazzaldia
EHUko Filosofia eta Gizarte Antropologia Sailak Jazzaldiarekin elkarlanean publikoak musika jaialdiaz duen iritzia aztertu du.
nerea lizarralde
Jazzaldia: bere publikoa, bere potentziala izena du Donostiako Filosofia fakultateko Carmen Diez Mintegi eta Jone M. Hernandezek zuzendu duten Jazzaldiaren ikusleriari buruzko ikerketa. Iaz Jazzaldian bertan egin zituzten txostena osatu ahal izateko inkesta, eztabaida taldeak eta elkarrizketak. Jazzaldiaren antolakuntzak ikusleen iritzia jakin nahi zuen eta EHUrekin akordioa egin zuen.
Hiriko jaialdia baino hiriaren jaialdia den ideia behin baino gehiagotan errepikatu dute ikerketan parte hartu dutenek. Tradizioa duelako, kaleak protagonismoa handia duelako, errutinarekin hausten duelako, urteen poderioz jendeartean elkartzeko toki eta garaia bihurtu delako edo ikusmin handia pizten duelako, besteak beste. Oro har jendearentzat Jazzaldia gertukoa da. Musika zaletasuna zabaltzearekin lotzen dute eta ez soilik glamourrarekin.
Hiriaren jaialdia
Ideia hauek guztiak kontuan hartuz gero ikusleek jazzaldiaren hiru irudi dituztela azaldu dute: Lehenengoa jaialdia musika topagune gisa. Batzuen ustez aukera ezin hobea da kalitatezko musika entzuteko, zuzenekoekin gozatzeko eta jazzaren figura handiak ezagutzeko. Bigarren irudia, Jazzaldia jarduera puntual bezala ikusten dutenena. Hiritar guztiei zabaldutako jaialdi bezala ikusten dute eta giro erakargarria sorten dutela uste dute. Hirugarrena, festa, ongi pasatzeko elkargunetzat dutenena.
Eszenatoki bat, publiko bat
Jazzaldiaren ustez kontu garrantzitsua izango litzateke egun Zurriolako kontzertuetara joaten diren gazteak etorkizuneko Jazzaldiaren ikusle bihurtuko diren.
Eszenatokien arabera ere ikusleen sailkapen bat egin daitekeela ondorioztatu du ikerketak. Kursaalak emanaldi serio eta formalenak jasotzen omen ditu eta adituekin eta kalitatearekin lotzen dute. Trinitatea berriz giro magiko eta esperientzia bizien sortzailetzat dute. Eszenatoki historikoa da. Kursaaleko terrazetan eta hondartzan jende askok ezagutu du lehen aldiz Jazzaldia. Jaialdiak espazio hau ireki zuenetik publikoa gaztetu eta berriztatu egin da.
Publikoak Jazzaldia babestu du»
Musikaren erakusleihoa, espazio irekia, esperimentazioa eta garaikidetasunaren erakuslea den irudipena du publikoak.
Miguel Martin Jazzaldiaren zuzendaria pozik dago ikerketak plazaratu duen informazioarekin: «Azken 15 urte hauetan egindako lanak ikusleen babesa duela ikusi dugu. Aldaketa komunikazioan egin behar dugu. Webguneak orain garrantzia handiagoa izango du eta informazioa ere pertsonalizatzen hasiko gara. Guk ikerketa hau kontuan hartu dugu eta ikusleek berrikuntza gehiago eskatzen zutela ikusi genuenez Gaubira prestatu genuen».
Publikoak Jazzaldiaz iritzi ona du. Talde eztabaidetan honako galderak errepikatu ziren hainbatetan: «Egitarauaren musika aniztasunak ez al dio esentzia apur bat kentzen Jazzaldiari?» edo «hiriko kultura musikalaren isla al da Jazzaldia?».
datua
%57,4
Publikoa. Donostia eta Gipuzkoakoak dira. Ikusleen artean gizonezko gehiago dagoela nabarmendu dute.