
Salmenta tradizionala eta bezero berriak uztartzeko ahalmena duen gunea da Bretxa merkatua. Lur azpiko 48 postuek zein kanpoko dozena inguru baserritarrek osatzen dute merkatua.
Bretxa, saltokia baino gehiago
mikel goñi
Oso goiz esnatuta ere zaila da Bretxa merkatua baino goizago jaikitzea. Bertan postua duten arrain saltzaileetako batzuk 05:00ak aldera hasten baitira salgaiak prestatzen. Lourdes Zorrozuak Bretxako beheko aldean du postua eta esaten duenez, «ordu horretan, San Pedroko lonjan egoten naiz arraia aukeratu eta erosten».
Bezeroentzat eta erosleentzat oraindik ateak ireki gabe daudenean, Bretxaren kanpoko aldean baserrietatik iritsitako saltzaileek euren salmahaiak prestatzen dihardute. Ibilgailuetako ateek, egurrezko mahaiek eta barazkiz betetako kaxek lanaren soinuarekin betetzen dute Sarriegi plazaren ingurua goizeko zazpi ta erdiak aldera.
Soinuak ez dira Bretxaren ingurua hartzen duten bakarrak. Ordu horietan San Juan eta Aldamar kaleetan irekita dauden tabernetan arrain saltzailearen edota harakinaren arropekin jantzitako jendea ikustea ez baita arraroa.
Eskaileretan behera, berriz, garbitzaileak ireki baino lehenagoko azkeneko lantxoekin ari dira; presaka dabiltz. Lanean jarraituko badute ere, jendea sartzen hasten denean zailagoa izango baita denentzat.
Denetariko bezeroak
Goizeko 08:30ak dira eta oso bezero gutxi dago Bretxan. Mila frutategian dago eta eskatutako gereziak jartzen dizkioten bitartean «betidanik etorri naiz Bretxara, txikia nintzenetik. Baina orduan ezberdina zen oso. Hasteko, jaitsi beharrik ez zegoen». Mila adineko emakumea da . Ez da hau ordea bezero mota bakarra. Mertxe frutategiko Maria Enperadorrek azadu duenez, bera goizean goiz sartzen da lanera «jatetxeetako eskaerak prestatzeko, bestela, oso zaila da eskaera handiak prestatu eta gugana datozen bezeroak behar bezala tratatzea, bai gehiengoa diren hemengoak eta baita etortzen zaizkigun turistak».
Abel eta Ainara ez dira turistak, baina, San Pedrotik etortzen dira ia astero Bretxan ogia, arraia eta barazkiak erostera, eta horren ondoren Parte Zarrean pintxoren bat edo beste jatera. Ainarak dioenez, «giroa ikusi, eta bertako produktuen komertzioa bultzatzera etortzen gara».
Produktua zaindu beharra
Antxon Eizmendi harakinak ere uste du bertako produktua dela jendea erakartzeko bidea. Ez hori bakarrik, Eizmendik berak aukeratzen ditu txekorrak baserrietan. Baina, produktua ez ezik bezeroak ere zaintzen ditu Eizmendik. «Ni goizeko zazpietan etortzen naiz. Postua ordu erdian prestatzen dut, horren ondoren beste ordu erdia ematen dut periodikoa leitzen gero bezeroei informazioa eman eta beraiekin komentatzeko», bota du Eizmendik irripar maltzurra ahotan duela.
Postuak ere ezberdinak dira oso. Eizmendirena simplea da, ordu erdian montatzen dena. Joseba Salaberriari harategia prestatzeak lan pixka bat gehiago eskatzen dio. Dekorazioa gisa Realaren bandera horman jarria dauka.
Bretxan denbora gutxien daramanetako bat da Salaberria, izan ere, «bi urte eta erdi besterik ez daramatzat hemen», azaltzen du eskarmentua handiagoa duela zehaztu baino lehen.
Orduak joan, orduak etorri
Orduak joan ahala Bretxa betetzen eta berriro husten doa. «Ezin dizut ordu zehatzik eman, eguraldiak ere eragin handia duelako; baina, goizaren erdialdean egiten dugu lan gehien», azaltzen du Enperador frutariak. Pixka bat pentsatu ondoren zera gehitu du: «hala ere, gaur bezalako hondartza egun batean, larunbatetan bezala, jendea beranduxeago etortzen da, juxtu-juxtu bazkaldu baino lehen».
Garbiketa, berriketa eta erosketa artean lan egunak bereak egin du Bretxan. Arratsaldeko zortziak dira eta azkeneko harakinak postua itxi du. Bihar, ordea, goizean goiz, berriro irekiko dituzte ateak, azkeneko 138 urteetan gertatu den moduan.
Bretxa, 138 urteko merkatua
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
Erakusketa
'Donostiari begira'
DONOSTIA, Historiaren Etxea, Motako Gaztelua (Urgull) - 2008-01-08
Ikastaroa
LOREZAINTZAKO PROIEKTUAK DISEINATU, EGIN ETA AURKEZTEA
Aukeratu Herria, ITSASMENDIKOI FRAISORO, ELBARRENA AUZOAz/g 202159 ZIZURKIL - 2008-10-01
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.