
Bertsoa bidelagun
'Auspoa' bildumaren barruan Joxe Aierberi buruzko liburua plazaratu dute. Aierbek idatzitako hainbat bertso bildu dituzte, eta baita Joxemari Iriondok eginiko elkarrizketa.
raul perez
Altzako Ubegi baserriko semea da Joxe Aierbe (Altza, 1934). Foru Aldundiak haren bertsoak biltzen dituen liburua plazaratu berri du Auspoa bilduman: Aginduari zor. Bertsozale porrokatua da Aierbe eta haren uzta zabala jaso dute liburuan. Loiolatarra elkarteari, Martuteneko Ikastolari, hainbat pilotariri...Aierberen hamaika bertso bildu dituzte.
1934ko San Sebastian egunean jaio zen Joxe Aierbe. Joxemari Iriondok libururaren hasieran eginiko elkarrizketan Aierbek azaldu du aitarekin oso gertuko harremana zuela eta hain zuzen ere aitarengandik jaso zuela bertsozaletasuna. «Eragin handia izan zuen bertso-munduan eta baita euskara gauzetan (...) Lagunarteak maite zituen, eta bertsolari edo erdi bertsolari eta olakoak asko etortzen ziran gurera, barrikoteak eginez(...) Lau anaia-arreba gara eta denok dugu zaletasuna, gutxi asko (...) baina normala ez dena zera da nire ustez : Halako giro edo anbiente artatik bertsolari dala esateko moduko inor ez irtetea (...) nere burua ez baitaukat bertsolaritzat ezta gutxiagorik ere», kontatu du.
Ohikoa zen haien baserrian bertsotan jardutea eta hainbat bertsolari ezagutu zituen baserrian bertan. «Argiñarena, Lazkao Txiki, Etxeberria eta oiek denak gurean ezagutu nituen nik, bein baño geiagotan etortzen baitziran», dio Aierbek.
Txikitan jaso zuen bertsolaritzaren harra. Eta txikitatik ere barneratu zituen baserri lanak. «Aita makalik edo ondo etzebilenean, beiak jeizten eta ukuiluko lanak egiten ere ikasi bear izan genuen oso gazterik». Maizterrak ziren sasoi hartan Aierbetarrak.
Lehen idatziak euskaraz, soldaduskan
14 urterekin utzi zuen eskola Aierbek, baina ez zion ikasteari utzi; gau eskolari heldu zion. «Ark asko erakutsi zigun, egia esateko. Leen ikasitakoa berrituarazi eta gauza berri dezente». Soldaduska iritsi zen gero. «Afrikan egitea egokitu zitzaidan ¬antxe asi nintzan leendabizi euskaraz idazten, leenengo pausuak ematen (...) Eta etxera idazten nuen bakoitzean, bertsoren bat edo beste idazten nuen tartean. Gero, ango bizimoduari buruz bertso batzuek ere jarri nituen, amalau edo amasei».
Soldaduskatik bueltan, istripua izan zuen igogailu batean eta min hartu zuen bizkarrean. Lan egiten utzi behar izan zuen, ezbehar hura izan zela-eta. Euskara irakasle izateko urratsak ematen hasi zen orduan. «Klaseak ematen ere asi nintzan Loiola-ko auzo onetan, gazte batzuei. Eta gero, esan dedana, akademian, Manu-ren [Oñatibia] arreba Terexita Oñatibia, Koro Mitxelena eta oiekin ibili nintzan». Irakasle bezala ez ezik, kazetari lanak ere egin zituen. «Sekula iñun alako lanetan aritu gabe eta astean bein edo bildu, eta´zuk emango dezu deporteak, eta zuk eztakit zer´ eta Manu Oñatibiak lanak banatzen zizkigun. Eta segi alaxe. Andoni Kortajarena ere antxe zan, Argi Dorronsoro ere bai, eta irurok egiten genituen irratsaioak». Prentsan ere jardun zuen Aierbek.
Eltze guztietako burruntzalia da Aierbe, benetan. Loiolan bizi da ezkondu zenetik eta San Isidro egunean inguruko baserritarrentzat hamaiketakoa eta bazkaria prestatu ohi ditu, beti ere bertsolariekin. Beste aldetik, gerora begira beste liburu bat idaztea du buruan.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.