
Idazleak dira Okendo kultur etxeko 'Literaturaren aurpegiak' erakusketako argazkien protagonistak. Daniel Mordzinskiren literaturarekiko obsesioaren emaitza .
Espioia idazle artean
maitane aldanondo
Ezinezko proiektu baten saiakera ren zati txiki bat da erakusketa. Daniel Mordzinski argazkilari argentinarraren obsesioaren emaitza. 1968an Jorge Luis Borgesi egindako argazkia 30 urte hauetan eratzen saiatu den iberoamerikako idazleen giza atlasaren lehen urratsa izan zen. Ordundik asko izan dira hiru belaunaldiko unibertso pertsonalaren arakatze lan honetan Mordzinskik betikotu dituenak. Baina ez du bere nahia burutzea lortu. Beti bere kameraren aurrean jarri ez den idazle berriren bat agertzen da, edo jartzeko aukerarik izango ez duen norbait desagertzen.
Idazleen bildumagilea
Idazleen artean lan egiten zoriontsu den idazle frustratua da. Literatura ikasketak egin zituen idazleen bildumagilea. Kameraren bidez idazten du erretratatutako sortzailearen literaturaren erdigunera bidaia, honen arimari egindako begiratua. Idazten dituzten liburuetan agertzen ez dutena erakustea da Mordinzkiren irrika.
Sona handiko izenak zintzilik
Atlantikoaren bi aldeetako 59 idazle handi elkartu ditu areto bakarrean: Julio Cortazar, Rafael Alberti, Gabriel Garcia Marquez Ernesto Sabato... Euskaldunen artean, Francisco Javier Irazoki, Lucia Etxebarria, Jon Kortazar, Bernardo Atxaga edo Fernando Aranburu donostiarra. Guztien erdian kokatzen da Jorge Luis Borgesen argazkia, ibilbidearen hasiera izan zena. Ondoko horman zintzilik Mordzinskiren lan egiteko modua azaltzen duen idazkia, eta hitz hauen egilea den Bernardo Atxaga maleta barnean irrifartsu eserita.
Arimaren isla
Egileak ez daude idazmakinaren aurrean. Ez dago paper zuririk edo boligraforik. Lehen inoiz ikusitako moduan ageri dira sortzaileak: igerilekuaren barruan irakurtzen, dorre bat besarkatzen, kalean abesten... Mordzinskik mugatik gertu bada ere, edozer gauza egin dezaten konbentzitzeko gai da. Rosa Montero idazleak behin esan zuenez, «Danielek arima lapurtzen dizu baina ez dizu duintasuna kentzen».
Lanerako metodologia
Argazkiek izaera ludikoa dute, jolastekoa. Ikusleari idazlearen bizmodua erakutsi nahi diote, literaturatik haratago dauden faktoreak argazkietan agerarraziz. Ideologia, bizitzarekiko jarrera edota pentsamendua aintzat hartu gabe, metodologia bera jarraitzen du beti. Lehenik, idazlearen lanak irakurtzen ditu, eta ondoren, bere ingurune intimo eta afektiboa ikertzen du. Mordzinskik beren gizatasuna islatu nahi du, idazleari esaten duenarekin ziria sartzeko aukera eman gabe. Horregatik etxean edo estudioan erretratatzea gustoko du, «mundua hobe egiten duten hitzak isurtzen diren lekuan».
Fitxa
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.