Bi aurpegi berri eta Sanseko bost, lehenengo entrenamenduan
Futbola
Vaughan, Stevanovic eta Rivas ez dira gainontzekoekin aritu, taldeak haiek beste talde batera joatea nahi duelako.
erredakzioa
Hiru egunetan zehar proba fisikoak egin ondoren Realeko lehen taldeko jokalari guztiek elkarrekin egin dute lehenengo entrenamendua Zubietako zelai nagusian. Juanma Lilloren aginduetara egin zuten atzo goizean lehen entrenamendua elkarrekin.
Oraindik iritsi ez diren jokalariak falta ziren saioan, baina entrenamenduan zegoen baten batek ere agian ez du jarraituko taldean.
Marcos eta Rodriguez, berriak
Lehen taldearekin arituko diren jokalarien artean, bi aurpegi berri ikusi ahal izan ziren. Marcos Garciak eta Sergio Rodriguezek haien taldekideak ezagutu ahal izan dituzte eta Lillok emandako lehenengo hitzaldia entzun behar izan zuten.
Zelaira atera bezain laster, 20 minutuko hizketaldia eman zien Tolosako entrenatzaileak beren jokalariei. Besteak beste, joko kolektiboaren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen Lillok. Bakarkako jokoak talde baten barruan egiten bada eragina duela esan zien Lillok bere jokalariei.
Urteko lehenengo diskurtsoaren ondoren, lanean jarri zituen jokalariak Lillok. Iazko ohiturak ez ditu albo batera utzi eta baloiak izan du nagusitasuna egindako ariketetan.
Sansetik igotako bost jokalari izan zituen bere esanetara Lillok: Zubikarai ¬badirudi lehen taldearekin jokatuko duela aurten Bravo edo Riesgo saltzen badute¬, Alex Albistegi, Balentziaga, Viguera eta Sio. Lillok aste honetan esan zuenez, Sanse «oso gertu» izan nahi du denboraldi guztian zehar beharra badago bertako jokalariak, erabiltzeko. Lehen entrenamendua bukatzeko zelai osoan partida antolatu zuen Lillok. Iaz egin ohi zuen bezala, Iñigo Dominguezek eta Raul Canedak zuzendu zituzten jokalarien ariketak. Partida, jokalari guztiek nahastuta jokatu zuten eta nabarmentzekoak izan dira Marcosek eta Xabi Prietok egindako zenbait jokaldi. Morten Skoubok ere golak sartzen ez zaiola ahaztu erakutsi zuen.
Fitxaketak eta besteak
Juanma Lillok beste jokalariren bat ekarri nahi du Realera. Aurrelari baten bila dabiltzala onartu zuen. Esperientziadun erdiko atzelari bat ere fitxatu nahi dute. Ivan Campo donostiarrak du aukera gehien etortzeko, baina oraindik elkarrizketek luze jo dezaketela dirudi. Levanteko Geijo aurrelariaren atzetik ere dabil talde txuri-urdina, baina Levanten duen fitxa oso altua da Konkurtso Legean murgilduta dagoen Realarentzat
Baina agian zailagoa izango da Lillok nahi ez dituen jokalariak beste talderen batera bidaltzea. Rivasek, dirudienez, uko egin zion Ingalaterrako talde batekin proba egiteari. Badirudi, Sevillak fitxatu nahi duela espainiarra.
Vaughan ia ziur Blackpoolera joango da jokatzera, eta Dalibor Stevanovicek ez du oraingoz inongo eskaintzarik jaso eta agian Esloveniara itzul daiteke.
«Ez dut inongo minik eta lan egiteko gogoak ditut»
Morten Skoubo
Aurrelari daniarra Juanma Lilloren apustuetako bat izango da; emandako konfidantza itzuli nahi dio Skoubok.
erredakzioa
Morten Skoubo, duen fitxa altuegia dela-eta, taldetik joateko aukera gehien zuen jokalarietako bat zen. Baina Juanma Lillok konfiantza du berarengan eta aukera eman nahi dio azken bi denboraldietan erakutsi ez duena agerian uzteko. Daniarrak esan duenez, ondo dago fisikoki: «Oso ondo nago, dagoeneko ahaztuta dauzkat lesioak eta entrenatzaileak nigan jarri duen konfiantza itzuli nahi diot nire jokoarekin. Espero dut lesioek errespetatzea». Japoniako ligako eskaintza bat bazuen ere, baztertu egin du: «Ez dut uste Japoniako liga niretzat denik».
«Lasai nago, eskaintzarik ez dagoelako oraingoz»
Claudio Bravo
Atezain txiletarrak lehenengo entrenamendua egin du, oraindik bere etorkizuna kolokan dagoela.
erredakzioa
Claudio Bravo atezain txiletarra zuhurra izan da bere lehen adierazpenetan. Bravok atzo esan zuenez, «entrenamenduak hasteko gogoak neuzkan eta hemen nago». Atezain bat atera egingo dela esan zuen Badiolak, baina Bravo lasai dago: «Ni lasai nago oraindik ez dudalako inolako eskaintzarik jaso. Zurrumurruak izan dira, baina nik ez dut inolako eskaintza formalik jaso oraindik».
Hala ere, ez du baztertu beste talderen batera joateko aukera: «Nik arlo pertsonalean ongi egon nahi dut eta hori lortzen badut pozik egongo naiz».