Zaldi lasterketak
Zaldiak trosta bizian hasi aurretik ikusi, apustu egin, harmailetara joan eta apustu gunean aukeratutako zaldiaren alde oihuka egin... Hori guztia izaten da hipodromoan udaran igandero.
raul perez
«Eman Dubai!», oihukatu du gaztetxo batek, zaldiak Bugatiko bihurgunea pasatu eta azken zuzengunean sartu direnean. Dubai da faboritoa adituen ustez, eta ondorioz ikusle askok jokatu dituzte sosa batzuk haren alde. Azkenean baina, Dubaik ez du irabazi; Urdaburu izan da azkarrena. Harmailetan, zalaparta. Batzuk pozik, eta beste batzuek eskuak burura eraman dituzte, atsekabetuta.
Igandero sei lasterketa izaten dira eta beraz sei aldiz ikusten dira antzeko irudiak. Segundo gutxitan, zirrara handia. Minutu eta erdi inguru irauten dute zaldi lasterketa gehienek, nahiz eta badira bi minutu eta erdira iristen diren lasterketak ere.
Dena dela, arratsalde pasa Donostiako hipodromora joateak askoz gehiagorako ematen du. Esate baterako, lasterketa bakoitzaren aurretik eta ondoren izaten da zaldiak ikusteko aukera. Paddockean zenbait bira ematen dituzte, zaleek ikus ditzaten minutu gutxiren bueltan lehiatuko direnak. Eta lasterketa bukatuta, beste pista batean ere izaten dira tartetxo batez, hauspoa ederki berotu eta gero, bere onera itzultzen.
Apustuak, bizigarri
Harmailen azpian ere badago mugimendu handia, bereziki lasterketak hasi aurretik. Apustuak egiteko gunea da. Bertan dago lanean Dani Peña herreratarra, lehen urtez, «kasualitatez». «Batzuei apustuen gaineko informazioa eman behar izaten diegu, eta beste batzuei, ordea, ez, adituak direlako», dio Peñak. Eta zaldia aukeratzeko orduan ere aholkurik eskatzen al diete? «Guk, eman ez dugu ematen, azken batean, nork bere dirua jokatzen baitu». Lankide asko ditu Peñak, apustuak egiteko toki asko dagoelako. Beraz estuasun handirik ez dute pasatzen, nahiz eta lasterketak hasi aurreko minutuetan ilarak sortzen diren. Estuasunik ez, baina ikuskizunarekin gozatzeko aukera ere ez, lasterketak bizkarrez dituztelako.
Askok Peña eta bere lankideengana jotzen dute apustuak egiteko, baina berrikuntzak zaldi lasterketetara ere iritsi dira eta badira zenbait ukipen pantaila, nork bere kabuz nahi duen apustua egiteko.
Hipodromoaren kudeatzailea, oraingoz gustura
Pello Urtasun hipodromoko gerentea hara eta hona ibiltzen da lasterketa egunetan: harmailetan, garaikurrak ematen dituzten tokian... Orain arte jokatutako azken jardunaldian zaldien salerosketan diharduen klub bati egin behar izan zion harrera.Oraingoz denboraldia ondo doala dio. «Lehen eguna oso polita izan zen, baina azken lasterketa bertan behera geratu zen, pista bustita zegoelako eta horrek giroa pixka bat hoztu egin zuen. Bigarren jardunaldia oso ondo joan zen, eta hirugarrena, ere bai. Bestalde,
Pottok musiketan ikuskizunean, uztailaren 25ean, 1.500 ikusle inguru izan genituen».
Ohi bezala, uda denboraldiak abuztuaren 15ean goia joko du, Urrezko Koparekin. Hala eta guztiz ere, ordura arte izango da zaldi lasterketekin gozatzeko aukera gehiago. Lehena, abuztuaren 3an 17:30etik aurrera.
Apustu motak
Irabazlea. Lasterketa irabaziko duen zaldiaren alde egitea. Bi euro balio du apustuak.
Kokatua. Sei eta hamar zaldiren artean lehiatzen direnean, aukeratutako zaldia lehen edo bigarren postuan gelditzea. Eta 11 edo zaldi gehiagok parte hartzen dutenean, lehen, bigarren edo hirugarren postuan sailkatzea. (2 euro)
Bikia-irabazlea. Hiru eta bost zaldiren artean parte hartzen dutenean, lehen eta bigarren sailkatutakoak asmatu behar dira, orden horretan. Sei edo zaldi gehiago arituz gero, lehen biak hartzen dira kontuan, baina ordenak ez du axola. (2 euro)
Bikia-kokatua. Bakarrik bederatzi zaldik edo gehiagok parte hartzen dutenean. Bi zaldi aukeratu behar dira eta lehen hiru postuetan bukatu behar dute lasterketa. (2 euro)
Hirukote. Lehen, bigarren eta hirugarren postuetan iritsiko diren zaldiak asmatzean datza. (euro bat). Apustu mota honek ematen du irabazi gehien.
«Zaldunon artean giro ona dago»
Jose Carlos Cerqueira ð- Jockey-a
Elkarrizketa
32 urteko zaldun portugaldarrak atsegin du Donostiako uda denboraldia.
r.p.
Madrilen bizi da Jose Carlos Cerqueira, baina hiru urte eman zituen lanean Donostiako hipodromoan eta Donostian irabaztea zer den ere badaki . Oroitzapen onak ditu Zubietan emandako urteez eta uda denboraldia gustuko du.
Nola igarotzen dituzue zaldunok lasterketen aurreko minutuak?
Lasteketa aurreko uneetan gelatxoan egoten zara, janzten eta beste zaldunekin hitz egiten, ahalik eta erlaxatuen egoteko. Oso giro ona dago zaldunen artean.Lehenengo eta azken lasterketetan parte hartzen duzunean luze egiten da, baina lau bat lasterketatan parte hartzen duzunean, denbora azkar pasatzen da.
Urduritasuna saihestea zaila izaten al da?
Nik uste dut ez dagoela urduritasunik. Profesionalak gara, egunero ari gara zaldiekin....
Zer deritzozu Donostiako uda denboraldiaz?
Aurten Madrilen nago eta bakarrik asteburuetan etortzen naiz Donostiara lasterketetan lehiatzera. Hala ere, Donostian hiru urte pasatu nituen, egunero lanean, eta oso oroitzapen ona dut. Oso ondo hartu ninduten. Donostiakoa oso denboraldi ona eta dibertigarria da. Badira bakarrik udaran ikusten ditudan lagunak eta lasterketak ere goi mailakoak dira.
Zer bide egin duzu zaldun gisa?
Duela 10 urte hasi nintzen lasterketetan parte hartzen eta duela sei urte Espainian hasi nintzen lanean. Uste dut azken urtea izango dela. 32 urte ditut eta pisuarekin buruhausteak ditut. Noski, irabazteko ilusioarekin aritzen gara, baina aurten lasaiago hartu dut denboraldia. Urte asko dira pisua kentzen; nekagarria da.
Inkesta
Zer iruditzen zaizkizu zaldi lasterketak?
«Lehenengo aldiz etorri naiz, lagunek aholkatuta»
Mario Zubelzu
Tolosa
Etortzen naizen lehen aldia da. Lagunak lehengoan etorri ziren eta ondo pasatu zutela esan zidatenez, bada etortzea erabaki dut. Apustuak ideia handirik gabe egiten ari naiz, nahiz eta piska bat irakurri dudan. Apustuak egiteak bizitasuna ematen dio honi.
«Ikusleak buiaka hasten diren unea bitxia da»
Xabier Garmendia
Tolosa
Arratsaldea pasatzeko ondo dago. Aurrekoan lehen aldiz etorri nintzen; beraz, gaur bigarren eguna dut. Apustuetan oraingoz ez dut zorterik izan, baina behintzat motibatu egiten zara. Lasterketa bukaeran ikusleak buiaka hastean diren unea bitxia da.
«Zaldi lasterketak ikustea gustatzen zait»
Maite Elizasu
Altza
Ez gara zale amorratuak, baina urtero pare bat bider etortzen gara. Apustuak egiten ez gara oso trebeak, baina iaz behintzat kafea ordaintzeko adina lortu genuen. Arratsalde pasa egiteko zaldi lasterketak politak dira, ikusgarriak dira.
«Apustu egitea gustuko dut sortzen den giroagatik»
Iñigo Leoz
Hondarribia
Joan den urtean, behin edo etorri nintzen, eta aurten jada bi aldiz etorri naiz. Pixkanaka zaletzen ari naiz. Apustu egitea gustatzen zait, giroa sortzen baita. Abuztuaren 15ean ere, Urrezko Kopa ikustera hipodromora etortzeko asmoa badut.
«Apustuetan irabazteko honetaz jakin behar da»
Eguzkiñe Crespo
lasarte-oria
Behin edo bi alditan etortzen naiz urtero, baina apustuetan ez dut batere zorterik. Sosak irabazteko jakin behar da honetaz! Hala ere, apustuak egin behar dira, jakiteko hau zer den, saltsan egoteko. Sarreran ematen dute gida hartzen dut, laguntza gisa.