Edukira joan

Irutxuloko Hitza

Donostia
2008ko azaroak 21, Ostirala

Harpidetu zaitez!

Nuria Lopez de Gereñu ð- Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailburua

«Urte eta erdian hasiko dira AHTren lanak hirian»

Topoa

Añorga-Errekalde, Loiola-Herrera eta Fanderia-Oiartzun tarteetan egingo dituzten lanek metroaren pareko zerbitzua bermatuko dute.

igone fdez. mariezkurrena



Easo plazako tren geltokian duen bulegoan jaso gaitu sailburuak. Liburuxka, plano eta grafikaz kargaturik etorri da Lakuatik; asmo handiko proiektuak baititu esku artean. Donostiak ez du sekula tren zerbitzu on eta jarrairik eduki baina orain «Topoaren metrizazioa» datorrela dio Lopez de Gereñuk. Herritarrak eszeptiko xamarra dira, ordea.

Zergatik sinestu metroaren antzeko zerbait izango dugula Donostian?

Dagoeneko gorpuzten ari diren lanez ari garelako hizketan, ez direlako plangintza hutsak. 2012rako Lasarte eta Oiartzun arteko ibilbidearen zati handi bat bikoiztuta izango dugu, geltoki berriak eraikiko dira eta pasonibel ugari kendu; 130 milioi euroko inbertsioa da. Baina azpiegituretan ez ezik, baliabidetan ere inbertituko dugu eta Euskotrenek tren berriak erosiko ditu. Honekin guztiarekin posiblea izango da 7,5 minutuko maiztasuna eta erabateko erregulartasuna bermatzen dituen zerbitzua eskaintzea.

Añorga-Errekalde tartea da aurkeztu duzuen azkena.

Hiru neurri edo aktuaziok definitzen dute tarte honetako lana. Alde batetik, trenbidearen bikoizketa egingo dugu, egun nagusi den trenbide bakarrak asko mugatzen dituelako maiztasuna eta erregulartasuna. Pasonibelak ere kenduko ditugu (tarte honetan bi) segurtasuna areagotzeko eta, azkenik, Añorga Txikiko geltokia berrituko dugu; hobeto integratuko dugu ingurunean eta bertara errazago iritsi ahal izango da. Baina, gainera, tarte honek badu ezaugarri berezi bat, Foru Aldundiak aurrekontuaren %18ko ekarpena egin baitu. Dena dela, honetan ez ezik, gainerako guztietan ere, beti, egoten da erakundeen arteko elkarlana eta trenbide proiektuak beti bihurtzen dira hirigintza proiektu. Kasu honetan, adibidez, Añorgako ibaia ere saneatuko dute.

Baina Loiola-Herrera tartea izango omen da lan handienekoa.

Guztien artean, hauxe da garrantzitsuena edo benetako aldea markatuko duena. Tunel zaharra merkantziak garraiatzeko erabiliko da eta bidaiarientzat beste bat eraikiko da, berri-berria, inklinazio handiagokoa eta, beraz, Intxaurrondoraino igoko dena. Intxaurrondoko geltoki hau ere guztiz berria izango da. Hiru sarbide desberdin izango ditu, haitzulo itxurakoak, Bilboko Metroaren antzera, alegia. Eskailera eta igogailu luzeen bidez elkarlotuko dira sarbideak nasarekin. Zalantzarik gabe, oso obra konplexua izango da baina baita onuragarria ere. Kalkulatzen dugu inguruko 15.000 bat lagunek 10 minutura izango dutela geltokia.

Eta zergatik ez Topoa Altzaraino eraman?

Gure departamentuaren aldetiko erantzuna ez da inoiz ezezkoa izan. 2002an dagoeneko hasiak ginen Altzan azterlanak egiten, izan ere, oso obra garrantzitsua zen han planteatzen zena; trenbidea eraman behar baitzen inoiz izan ez den toki batera. Garai hartan bertan hasi ginen lerrotxo bat marrazten baina etxebizitzak oso barreiatuak ziren oraindik ere eta ez zegoen asmatzerik non egongo ote zen auzoaren balizko erdigunea; ez genekien geltokia non kokatu, alegia. Udalak ere ez zekien esaten nolakoa izango zen Altzaren garapena eta, hortaz, denbora honetan guztian ezin izan dugu aurrerapausu handirik eman. Iaz jaso genuen Altzarako behin behineko hirigintza-plana eta berehala jarri ginen martxan. Hala ere, gaur egun ezinezkoa da data bat finkatzea, prozesua luzea, teknikoki zaila eta garestia izango baita.

AHTari dagokionean, noiz iritsiko da Donostiara?

Uda ondoren aurkeztuko dugu oinarrizko proiektua; soluzio teknikoa biltzen duena, alegia. Eta espero dugu urte eta erdian lanak hastea.

Hasiera batean soilik Astigarragara iritsiko zela zirudien baina azkenean hiriraino sartuko da. Zergatik aldaketa hori?

Abiadura handikotzat jotzen diren trenentzako bideak eraikitzen direnean, gutxieneko erradio bat ezartzen da bihurguneetarako. Trenbide nagusia Donostiaraino ekartzeak ez luke gutxieneko hori errespetatuko, kurba estuegia litzateke. Horregatik, Astigarraga eta Donostia artean luzapen bat egitea hobetsi genuen, ez baitzen onargarria Euskal Ya Gipuzkoako hiriburura ez iristea.

Martuteneko hainbat baserriren balizko eraispenak polemika sortu du.

Beti esan izan dugu gauza bera. Tren honek, edozein azpiegiturak bezala, inpaktua eragingo du. Baina produktu baten balorea eta egokitasuna neurtzeko ikusi beharra dago zeintzuk diren eraginak eta zein onurak. Gure lan eta konpromisoa da inpaktu hori ahalik eta gehien txikitzea. Horregatik, proiektua zatika-zatika zehazten den heinean, bertakoekin hitz egiten dugu alternatiba desberdinak kontuan izan eta egokiena adosteko; maila pertsonaleko kaltea txikiagoa izan dadin eta handiagoa integrazio paisajistikoa. Uste dugu desjabetzetara iritsi baino lehen hobe dela akordioak lortzen saiatu; eta horretarako dugu Lurranek bulegoa.

Frantziarekin lotura zuzena bermatuko du AHTak, ezta?

Europa osoko trenbideek duten errail arteko zabalera bera duen lehenengo azpiegitura da Euskal Ya. Horrek, beraz, Frantziarekin ez ezik, Europako sarearekin ere lotuko gaitu.

Hiriak elkarlotuko ditu proiektu honek; badirudi, ordea, herriak pasabide hutsa izango direla.

Proiektu honen helburua ez da herriak elkarren artean lotzea, distantzia ertainentzako zerbitzua eskaintzea baizik. Ez da aldiriko tren zerbitzua; hau ez dator Euskotrenen kostaldeko linea ez eta Renferena ordezkatzera. Aitzitik, gaur egun trenez ezinezkoa den mugikortasunaren beharra asetzera dator, egunero 47.000 desplazamendu izaten baitira hiri artean, autoz. Benetako alternatiba jasangarria eskaini nahi dugu eta Donostia eta Bilbo arteko bidaia ordu erdikoa izan dadila. Garraio behar ezberdinak daude eta bakoitzari dagokion erantzuna eman behar zaio.

Donostian Tranbia jartzearen inguruko hamaika azterketa egin izan dira eta bere egokitasuna zalantzazkoa omen da.

Guk behar-beharrezkoa ikusten dugu. Baliteke gaur egungo azterketa eta datuek kontrakoa esatea baina tranbia bat ez da eraikitzen egun batetik bestera. Gero eta autobus gehiago eta luzeagoak ikusten dira Donostian. Ordu jakin batzuetan, makina bat ibilgailu pilatzen dira Bulebarrean, kutsatzen, CO2 igortzen; irudia oso adirazgarria da. Horregatik diot Donostiak dagoeneko tranbia behar duela eta, aurreikusten diren datuak betez gero, epe laburrera hiria kolapsa daitekeela. Eskaintzen den zerbitzua erabilgarria da garraioaren ikuspegitik baina inolaz ere ez jasangarritasunaren ikuspegitik. Zentzu horretan, instituzioon obligazioa da beharrei aurrea hartzea; horixe litzateke klima aldaketaren kontrako neurririk eragingarriena.

Plataforma erreserbatuaren inplantazioa ere eskuartean duzue.

Plataforma erreserbatuak bereiztu egiten ditu garraio publikoaren bidea eta bestelakoarena. Hortaz, hirian garraioari dagokion ezbeharren bat edota pilaketaren bat gertatu arren, zerbitzu publikoak normaltasunez jardun ahal izango duela bermatzen du. Normalean, bide erreserbatuak tranbiaren inplantazioaren aurreko pausua izaten dira. Nik behintzat ez dut beste aukerarik ikusten Donostiarako.



 




Donostian Tranbia jartzea litzateke klima aldaketaren kontrako neurri eragingarriena





 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

Agenda

Erakusketa

'Donostiari begira'
DONOSTIA, Historiaren Etxea, Motako Gaztelua (Urgull) - 2008-01-08

Ikastaroa

LOREZAINTZAKO PROIEKTUAK DISEINATU, EGIN ETA AURKEZTEA
Aukeratu Herria, ITSASMENDIKOI FRAISORO, ELBARRENA AUZOAz/g 202159 ZIZURKIL - 2008-10-01

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa