Txartel turistikoak arrakasta duela dio Udalak
Turismoa
Uztailaren 24tik 330 txartel saldu dituzte, Dbus zerbitzurako eta hainbat deskontu lortzeko balio du.
erredakzioa
Donostia Turismoak Dbusen laguntzarekin hiriko bisitarientzako txartel berria atera zuen uztailaren 24an, San Sebastian Card. Emaitzak ikusi nahi izan ditu Udalak berria eman aurretik, eta oso pozik daude arduradunak txartelak izandako harrerarekin.
Egun horietan 330 txartel saldu dituzte, iaz baino 287 txartel gehiago. Txartelak bost egunetako erabilera du, eta 12 euro gehi euro bateko kostua du. Azken euroa «ekologikoa» da, txartela itzultzen bada, euroa itzultzen zaio bisitariari. Txartela berrerabiltzea da helburua, eta orain arte erabiltzaileen erdiek itzuli dute. Formula egokia lortzea asko kostatu zaiela onartu zuten prentsaurrekoan.
Lagun bat baino gehiagorentzat
«Donostia ezagutzeko orotariko giltza» da txartela arduradunen esanetan. Dbus zerbitzuan12 bidaia egiteko balio du, eta aldi berean, hainbat abantaila eskaintzen ditu: museoetan sartzeko doako sarrerak, eta jatetxe, diskoteka, denda, arte galeria eta zerbitzu turistikoetan beherapenak. 30 zerbitzu inguru dira txartelarekin lotu direnak: Arteko eta Etxeberria arte galeriak, Bergara etxea jatetxea, Villa Maria Luisa, Zubieta Moda Outlet, Aquariuma, Kursaala, Vallina taxi zerbitzua, Txuri Urdin izotz jauregia, Kutxaespazioa, Donostia Tour Bus turistikoa, etab.
Hala ere, txartela pertsonala ez izatea da berritasun nagusia, hau da, hainbat lagunek erabil dezakete txartel bera. Arduradunen esanetan Donostiara datozen bisitariak bikoteak, familiak edo taldeak izaten dira, eta horregatik hartu zuten erabakia. Gainera, txartel bakoitzarekin hirian doako bisitaldi bat lortu daiteke.