Kontsumoaren inguruko aholkuak Zurriola hiribidean
Kontsumoa
Hiriko kontsumitzaileei euren eskubideen eta betebeharren berri ematea du helburu ekimen ibiltariak.
igone fdez. mariezkurrena
Kontsumo Bira, Eusko Jaurlaritzaren Kontsumo eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritzaren ekimen ibiltaria, Donostiara iritsi da. Zurriola hiribidean, Kursaal alboan jarri dituzte etxolak eta bertan izan ziren atzoko aurkezpenean Ruben Mendiola Eusko Jaurlaritzako ordezkaria, Denis Itxaso Ingurumen zinegotzia eta Maria Victoria Iglesias Udaleko Ingurumen saileko zuzendaria. Azaldu zutenez, hiritarrei, kontsumitzaileak diren heinean, euren eskubideen defentsa eta babeserako beharrezko duten «formazioa» eskaintzea du ekimen honek helburu.
Atzotik hasi eta igandera arte izango da Kontsumo Bira Donostian; goizeko 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara bitartean zabalik. Ondoren, bere bideari jarraituko dio, irailean eta urrian Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 9 udalerritara iristea aurreikusi baitute.
Telefonia, gai nagusia
Kursaal alboan ezarririko bi guneetan 3 gai dira hizpide. Telefonia eta iruzurrak batetik; bidaiak eta bereziki hegaldiak bestetik; eta produktu elektronikoak eta hauen bermeak azkenik.
Dena dela, telefoniaren kontuari eskaini diote tarte handiena. Ruben Mendiolaren arabera, telefonia-operadoreen aldetiko iruzurrek eragiten baitituzte erreklamazio gehien. 905 aurrezenbakia duten telefono zenbakien bidezko iruzurrari erreparatuko diote, eta baita operadoreek baliatzen dituzten pertsuasio-teknika «bortitzei» ere.
2 gune
Formazio gunea eta informazio gunea bereizten dira. Lehenengoan adituen hitzaldiak ez ezik, tailerrak eta jolasak ere antolatuko dituzte, beti ere kontsumoa ardatz harturik eta hiritarren parte hartzea bultzatuz.
Bigarrenean, informazio-panelak eta gaiaren inguruan Jaurlaritzak argitaraturiko hainbat liburuxka dira irakurgai. Ordenagailuak eta joko birtualak gaztetxoentzat, eta gaur (19:00etan) umorezko kale-antzerkia kontsumitzaileen egunerokotasunaz parodia egiteko.