Krisiari aurre egiteko inbertsioetako 26 milioi geldiaraziko dituela dio Elorzak
Ekonomia
Krisiarengatik diru-sarrerak nabarmen jaitsi direnez, zorra handitu ahal izateko ikerketak egiten ari direla dio Elorzak.
ion lopez
Mundu guztian nabarmena den krisiak Udala ere astindu du. Atzoko udalbatzarrean, lehenbizikoz, Odon Elorza alkateak krisiari aurre egiteko zenbait neurri aurkeztu zituen. Agian neurri deigarriena, 2008rako inbertsioetarako aurreikusita zeuden 26,2 milioi euro geldiaraztea izango da. «Zenbait inbertsio, garrantzia gutxien dutenak, moteldu egin beharko ditugu. Eguneroko gastuetan murrizketak egin beharko ditugu. Hala ere, Udalaren etxebizitza politikan ez du eragina izango murrizketa horrek, ezta abian dauden lanetan ere».
Udalak aurten Aldunditik aurreikusitakoa baino ia sei milioi euro gutxiago jasoko dituela kexu zen alkatea. Aldunditik jasotzen duen diru kopurua aurtengo diru sarreren %22,5 da. Udalak bere proiektuak egiteko abian jartzen dituen lehiaketetara aurkezteko ere, arazoak izaten ari dira enpresa eraikitzaileak. Horregatik, Cervantes plazako aparkalekua egiteko eskaintzak Udalaka espero zituenak baino askoz ere baxuagoak izan dira.
Bestalde, Añorgako Atotxa-Errekako proiektua egin behar zuen Olabarri eraikuntza enpresak, bertan behera utzi du Udalarekin zuen akordioa eta lanak ez dituela egingo erabaki du. Horrek, Udalari 26 milioi euro gutxiago ekarriko dizkio. Hala ere, Atotxa Errekako proiektua aurrerago lehiaketara aterako dutela iragarri zuen Elorzak.
Hala nola, datorren urteko zergak eta tasak gehiago igo beharko direla aurreikusi zuen alkateak.
Zorra handitzeko ikerketak
Elorzak azaldu zuenez Prospektiker enpresa lanean jarri dute Udalaren zor maila handitu ahal izateko eta honela aurrekontuetan oreka bat lortu ahal izateko. Zorra neurri egokian gehituz gero, Udalak arnasa hartu ahal izango luke datozen hilabeteetan.
Politikoen eta konfidantzazko postuen soldatak izoztearen aldekoa azaldu zen Elorza, baina «irudi aldetik garrantzia gehiago duela aurrezten denagatik baino» esan zuen. Neurri honekin 131.992 euro aurreztuko lirateke.
Oposizioaren proposamenak
PPko bozeramailea kritiko azaldu zen Elorzarekin. Aurreko urtean zergak gehiegi igotzea leporatu zion Maria Jose Usandizagak alkateari, eta zergak igo gabe Udalak aurreztu dezakeela esan zuen. Honez gain, negozioak abian jartzeko orduan tramiteak azkartzea eskatu zuen PPk.
EAJko bozeramaile, Xabier Ezeizabarrenak Udal Gobernuak Cervantes eta Katalunia plazako aparkalekuen lehiaketetan izan duen aurreikuspen txikia salatu zuen. «Aurrekontuetan zeuden 14 milioi euro bertan behera gelditu dira, norbaitek kalkuluak gaizki egin dituelako».
EAko Jaione Arratibelek, bere aldetik, Udal Gobernuak egin dituen eta ezerezean gelditu diren hainbat proiektu kritikatu zituen: «Sagues, Erriberako autobusen geltokia edo antzeko beste zenbait proiektu ezerezean gelditu dira eta donostiarrok ordaindu behar izan dugu diru hori. Hori ezin da errepikatu hemendik aurrera».