Edukira joan

Irutxuloko Hitza

Donostia
2009ko urtarrilak 8, Osteguna

Harpidetu zaitez!

«Luzuriagako eraikina Donostiako atzeko patioan dago, eta Udalak utzi egin du»

Altza

Hiriko ondarearen arloan Udalak ez dituela «ekimen txukunak egin» salatu du Antxotarrok Historia Mintegiak.

raul perez



Joan Mari Irigoien eta Josu Landa idazleak, Pablo Malo zinemagilea, Mikel Astarloza txirrindularia, Jose Mari Martinez Realeko jokalari ohia... Altzako eta Pasai Antxoko hainbat kultur eta kirol eragilek agerraldia egin zuten atzo Donostian Luzuriagako bulego eraikina izandakoa bota ez dezaten eskatzeko.

Azken hilabeteotan egindako lanari beste bultzada bat eman nahi izan dio Pasai Antxoko Antxotarrok Historia Mintegiak, hainbat aurpegi ezagunen babesa lortuta. Luzuriaga lantegia Pasai Antxon zegoen, baina haren bulego eraikina Eskalantegi kalearen Donostiako aldean dago. 1994tik hutsik dago eta Antxotarrokeko kideak eraikina lurrera botako duten beldur dira. «Eraikina zutik dago, baina bota nahi dutela dirudi. Donostiako Plan Orokorrak ez du kontuan hartu eta Jaurlaritzaren Etxebizitza sailak, inguru horretan egiten ari diren obrak aitzakiatzat hartuta, eraso egin dio eraikinari». Donostiako Plan Orokor berriari zehaztapen falta egozten diote. Hau da, ez duela guztiz zehazten zer gertatuko den eraikin horrekin. «Berez, Donostiako ondare beharko luke izan, baina atzeko patioa da nolabait esateko eta, hori dela-eta, utzi egin du». Antxotarrokek kultur ekipamendu bihurtu nahi du eraikin zaharra.

Udalaren jarrerarekin etsituta

Antxotarrok Historia Mintegiko kideek azaldu zutenez, Donostiako Udalarekin elkartzeko asmoa dute. «Gure eskaera kontuan hartuko duten itxaropena badugu, baina Udalak ez ditu ondarearen arloan ekimen txukunak egin, horren lekuko gas fabrika eraikinak babestearen aldekoen borroka luzea». Buenavistan zehazki Udalak «penagarri» jokatu du, Antxotarrok Historia Mintegiaren arabera. «Auzoari izena ematen dion eraikina, eskola zaharra zena bota eta haren lekuan etxebizitza eraikin erraldoiak egin dituzte. Barril fabrika ezaguna, bestalde, balio handikoa zen, adreiluzkoa zelako, eta lurrera bota egin zuten hura ere».

Lanean jarraitzeko kemena

Antxotarrok Historia Mintegiko kideek lanean jarraituko dutela iragarri dute. «Ezin dugu geldirik egon. Iritzi publikoa landu behar dugu eta erakundeekin ere hitz egiten jarraituko dugu».

 

Mandasko dukea, sorburuan



XIX. mendearen bigarren erdian, trenbidearen etorrerarekin, jaio zen Pasai Antxo. Trenbidearen alde batean badia gelditu zen eta bestean, padura. Fermin Lasala Mandasko dukearena zen paduraren jabetza. Fermin Lasalak padura lehortu egin zuen eta hara eraman zuen Donostian zuen fundizioa: Fundiciones Molinao. Fundizioa ez zebilen batere gaizki, baina, hala eta guztiz ere, Mandasko dukeak ez zuen lantegi horretan arreta handirik jarri eta azkenean Javier Luzuriaga enpresagizon gazteari lantegia erostea proposatu zion. Ategorrietan eta Tolosan fabrika bana zituen Luzuriagak eta Pasai Antxora eraman eta 1918an hasi zen lanean. Bulego eraikina, Donostiako aldean dagoena, Ricardo Olaran arkitektoak diseinatu zuen 1943an eta urte hartan bertan hasi ziren eraikitze lanak .



 


Buenavistan Udalak ondarearekin «penagarri» jokatu duela nabarmendu zuten



 

Iragan industrialaren beste aztarnarik ere bada



Industria

Usoz anaien txapela fabrikaren tximinia da Molinao inguruko iragan industrialaren beste aztarnetako bat.

r. perez



Luzuriagarekin batera, Buenavista eta Molinao inguruan beste hainbat lantegi izan ziren. Benedictine, Marie Brizard eta Licorera Vasca dira haietako batzuk. Donostia eta Pasaia arteko mugan zeuden horiek guztiak ere, trenbidearen parean, eta haien lekuan etxebizitzak egiten ari dira. Luzuriagako bulego eraikinetik ez oso urrun tximinia bat dago. Ez dago haren inguruan inongo fabrikarik, baina garai batean bazegoen. Usoz anaien txapel fabrikaren tximinia zen, hain zuzen ere.

Duela 80 urte

Beatriz Herrerasen Altza, Historia y Patrimonio liburuan jasota dagoenez, Usoz anaiek 1926an erabaki zuten txapel lantegia Molinaon egitea. Miguel Antonio Setien arkitektoak diseinatu zuen fabrika eta 1937an instalazioak handitu zituzten. Bertakoek txapel fabrika esan ohi zioten. Ondoren, besteak beste, Usozenea, Usozen orubea eta baita Usozen zabaldegia ere deitu izan diote, fabrika bota zutenean zabaldegia geratu zelako. Urtetan zezen plaza jarri zuten bertan Pasai Antxoko jaietan. Gaur egun Pasaia-Lezo lizeoaren egoitza berria dago inguru horretan eta tximinia ez dago bistan.

Bakarrenetakoa, bakarra ez bada

Josu Tellabide etnografoak ohartarazi du tximinia horren garrantzia: «Garai batean Antiguako lantegi nagusietan, Lizarriturry ingurukoetan, horrelako tximiniak bazeuden, baina Donostian gaur egun geratzen den tankera horretako tximinia bakanetakoa da Molinaokoa, bakarra ez bada».



1926an erabaki zuten Usoz anaiek txapel fabrika irekitzea

 


 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.

 

Lege Informazioa