
Donostiako traineru bateratua nahi dugu
Iritzia
Jon Lasa Laboa
Kirol zinegotzia
Ramon Etxezarreta
Kultura delegatua
Donostiarra trainerua hiru urtez denboraldiko 125.000 euroz laguntzeko hitzarmena bukatutzat emateko bidea hasi zuen Udalak joan den ostiralean ¬2007an abiatu zen hitzarmena¬ . Kosta egin zaigu urratsa ematea. Izan ere, herritar askok bezala, gure hiria arraun munduan merezi duen tokian jartzeko proiektuan ilusio handia jarri baigenuen.
Egoera honetara iritsi gara Donostiarraren norabidea Ur Kirolak eta Arraun Lagunakeko zuzendaritzekin ¬Kaiarriba proiektua gidatzen dute¬ nola edo hala zuzentzen saiatu eta gero.
Kontxako Bandera eta gero, eta kirol emaitzak ikusita, zenbait bilera egin genituen.
Kirol proiektuaren sinesgarritasunak hondoa jo du iritzi publikoaren aurrean. Iaz proiektua zerotik abiatu zenean baino askoz ere txikiagoa da sinesgarritasun hori. Jendeak irakurtzen du, informatzen da, kirol errendimendua aztertzen du eta badaki Arraun eta Ur-Kirolakekin izandako bileretan argitu duguna: bi kluben arteko zuzendaritzen harremanek ¬ez dute inondik inora elkar ulertu¬ benetan inporta zaiguna, hots, proiektu komuna, ito dute.
Urtebeteren buruan, Kaiarribako presidenteak ¬Ur kiko presidentea da¬ ez du batzarrik antolatu, eta ez da inongo zuzendaritzarik osatu ez delako horretarako asanbladarik egin. Bi kluben arteko harremanek okerrera egin dute eta sorrera akta baino ez da existitzen. Sorrera agiri horretan klub bakoitzeko bi kide ageri dira. Hori horrela, babesten genuen proiektuak berdinketan enkailatu du.
Udalak 125.000 euro emateaz gain, beste enpresa batek 120.000 euro jartzea lortu du. Hori horrela, nola jokatu behar du Udalak Kaiarriba osatzen duten klubek guztion artean finantzatzen dugun proiektua oztopatzen badute?
Inork ez du bere burua engainatu behar. Gure nahia kluba, Kaiarriba, mantentzea izan da eta hori nahi dugu aurrerantzean ere. Hori bai, bi biren kontrako blokeo egoera saihestuko duen neurriak hartuta. Bi aldeek aukeratutako epaile batengana edo epaile batzuengana jotzea proposatu dugu, baina Ur Kirolak horren kontra azaldu da.
Gure ustez, irtenbidea Kaiarriba gizartera irekitzea da, nahi duenak aukera izan dezan gure trainerua bultzatzen duen klubeko kide izateko. Horretarako bazkide kanpainari ekiteko konpromisoa hartzeko prest gaude. Irtenbidearen beste zatia asanbladara deitzea da, zuzendaritza berria aukera dezan. Asanblada horrek kide kopuru bakoitia izango luke eta kirol taldeen ordezkaritza %40 edo hortik gorakoa izango litzateke.
Kirol erabakirik hartu aurretik, zuzendaritza berria osatu arte itxaroteko ere proposatu genuen ¬kirol erabakiak dira bi kluben arteko beste liskar iturrietako bat¬, baina Ur Kirolakeko presidentea kontra azaldu zen. Presidente honi askotan deitu behar izan diogu Udala eta Kaiarribaren arteko hitzarmena sinatzeko, eta hitzartutako dirua jaso arren, ados ez zegoelako edo ahaztuta zegoelako, duela bi aste arte ez du sinatu.
Donostiak ez du merezi batzuek proiektua hiltzen uztea, ez traineru bateraturik gabe gelditzea, ez KAE 1 Ligan tokirik gabe gelditzea zuzendaritzaren kudeaketa txarragatik eta elkarren arteko harreman txarragatik. Guk proiektua bultzatu nahi dugu arestian azaldutako baldintza berriekin eta Kaiarribaren baitatik egin behar dugu hori, kluba delako KAE 1 Ligako tokiaren jabe. Liga horretan lehiatu da aurten Donostiarra.
Kaiarribaren oinarria handitu nahi dugu eta beste dimentsio bat eman nahi diogu jende gehiago erakarrita. Horretarako honako hau behar dugu: Arraun Lagunakek eta Ur Kirolakek proiektua ez gutxiestea eta hiria traineruaren jaitsierarekin ¬KAE 1 mailatik KAE 2 ligara¬ ez zigortzea.
Herritarrei dei egiten diegu proiektuan parte hartu eta bere iritzia eta borondatea plazara dezaten, eta beste hainbeste eskatzen diegu Ur Kirolak eta Arraun Lagunakeko bazkideei. Bazkideei hauxe ere eskatu nahi diegu: haien zuzendaritzei arduraz eta proiektuak merezi duen irtenbide borondatearekin jokatzeko eska diezaieten.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.