Suaren epeletik komikietako binetetara
Sukaldaritza
Parte Zaharreko A fuego negro jatetxeak komikiak eta errezetak batzen dituen liburua aurkeztu zuen atzo.
maitane aldanondo
Jatetxeak ez dira liburu aurkezpenetarako ohiko guneak. Baina A fuego negro ere ez da hiriko pintxo taberna tipikoa. Ondorioz, Abuztuaren 31aren kalean kokatuta dagoen jatetxearen jabeek Edorta Lamok, Iñigo Cojok eta Amaia Garciak egindako
A fuego negro. Pintxos y viñetas errezeta liburuak berezia behar zuen izan.
«Zerbait dinamikoa, merkea eta gaztea egin nahi genuen». Egileennortasunari jarraituz ,askatasun kreatiboa eta berrikuntza dira jatetxearen 50 bat pintxo, txupito, zopa... errezetak komikiarekin uztartzen dituen liburuaren ezaugarri nagusiak. «Ez genuen errezeta liburu hutsa izatea nahi, sukaldaritza liburu tipikoa. Liburu pertsonala nahi genuen gure filosofia jasotzen duena. Gure jatetxea bezalakoa, ez da pintxo taberna hutsa, musika, diseinua eta nortasuna eskaini nahi genuen», azaldu zuen Edorta Lamok. Horretarako komikia erabili dute «kutsu marginala izan duelako beti baina hizkera oso zuzena du, abertsa eta mamitsua», aipatu zuen liburuaren hitzaurrea idatzi duen Xabier Gutierrezek.
Komiki bidezko azalpenak
Bruno Hidalgoren eta Luis Alonsoren ilustrazioen bidez, A fuego negroren ateak zabaldu eta bi urte eta erdian bertan zer sukaldatu den, zer egiten den eta eurak zer diren bildu nahi izan dute egileek. Beren erreferentzien berri eman zioten Hidalgori eta honek, egileen antza zuten pertsonaiak sortu zituen. Istorio fantastiko baten bidez egungo sukaldaritzari buruz duten ikuspuntua azaldu eta A fuego negro den bezalakoa egiten duten eraginak islatu dituzte.
Sukaldarien filosofia eta Donostiako gastronomiaren parte bilakatzeko ahaleginean topatu dituzten oztopoak kontatzen dituen komikiaren lehen zatiaz gain , errezeten zergatia ere argitu nahi izan dute. Hori horrela, plater bakoitzak errezeta , argazkia eta bere azalpena ematen duen komiki zatia ditu.
Proiektuaren gauzatzean konplizitate handia sortu zen ilustratzaile eta idazleen artean, eta emaitza oso interesgarria lortu dela uste dute. Hidalgo marrazkilariak sukaldaritza bezalako gai artistiko eta kultural bat komikia bezalako adierazpen artistikoarekin lotzea oso erakargarria iruditu zitzaiola aipatu zuen an .
Sukaldaritza, denen eskura
Proposatutako jaki gehienak prestatzen errazak dira, eta konplexuago direnak ere, denen eskura daude. Lamoren hitzetan, «erosleak ez du arazorik izango hauek prestatzeko. Gure filosofia ahalik eta gutxien sukaldatuz emaitza original eta pertsonala lortzea da. Goi sukaldaritza denona delako, ez du zaila izan behar».
Publiko zabalari zuzendu nahi izan diote librurua, gastronomiatik urruti dauden komikizaleei, gastronomian interesa dutenei edota etxean jakiak prestatu nahi dituztenei. «Goi sukaldaritza desmitifikatu egin nahi genuen, dibertigarriago eta atseginago eginez», aipatu zuen Amaia Garciak.