
Emakumearen Astea hasi zen atzo Loiolan eta landare lehiaketa egin zuten, beste zenbait jarduerekin batera.
Loiolako lorategitxoa
raul perez
Ez zen giro atzo. Zaparradak uneoro, haizea, hotza... Ez ziren batere baikorrak Esnatu Emakume Elkarteko kideak goizean. Loiolako Emakumaren Astea hasi zen atzo eta goizean joan behar zuten kultur etxera landare lehiaketan parte hartu nahi zuten emakumeek, nork bere landarearekin . Eguraldi txarra egin arren, emakume elkarteko kideak pozik zeuden, 20 bat landare bildu baitituzten.
Denetik eraman zuten. Kolioak, begoniak, fikus edo kautxu-landarea, kaktusa... Batzuk txikiak, eta beste batzuk handi samarrak. Baldintza bakarra landarea etxekoa izatea zen. Hau da, ez zuen balio landare bat erosi eta lehiaketara aurkeztea. Diru sari bana ematen zien Esnatuk hiru landare ikusgarrienak eramandakoei eta beste bi landare zozketatzen dituzte lehiaketan izena emandakoen artean. Loiolako Merkejardin dendakoek epaimahaikide lana egiten dute. 20 bat urte dira Esnatuk landare lehiaketa egiten duela. «Ekimena arrakastatsua izaten da. Sari gutxi batzuk ematen ditugu, baina sariak sari, parte hartzea garrantzitsuena dela esaten dugu», diote Esnatukoek.
Auzokoak eta ingurukoak ere
Taldekideek gaineratu dutenez, hasiera batean auzoko balkoi politena saritzea bururatu zitzaien, baina Emakumearen Astea azaroan egin ohi dute, eta hori ez da garai aproposena balkoia txukun-txukuna izateko. Hori dela-eta, landare lehiaketa antolatzea nahiago izan zuten. «Iruditu zitzaigun bide onena izan zitekeela ahalik eta etxeko andre gehienera iristeko», diote. Auzokoak dira, noski, landareak erakusgai jartzen dituzten gehienak, baina Txomineneko emakumerik ere joaten da bere landareak lehiaketan erakustera eta baita Astigarragakoak ere. Ostirala arte iraungo du Emakumearen Asteak. Atzo arratsaldean bertan saritu zituzten landare politenak eta baita idazlan onenak ere, XVI. Literatur Lehiaketa antolatu baitute aurten. Kantujira ere egin zuten. Antzerkia, hitzaldiak... Gaur, bihar eta etzi ere, 19:00etan, izango da zer ikusi kultur etxean.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.