Udalak indarkeria sexistarekin amaitzeko konpromisoak hartu ditu
Erakunde adierazpena
Indarrean dauden legeak betetzen diren kontrolatuko duela adierazi du, besteak beste.
erredakzioa
Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna zela-eta, PSE, EB-Aralar, EAJ, EA eta PP alderdiek erakunde adierazpena adostu zuten atzo. Idatziaren arabera, Donostiako Udalak Administrazio eta erakunde guztietan emakumeenganako indarkeriaren aurka indarrean dauden legeak eta arautegi guztiak betetzen diren kontrolatzeko konpromisoa hartu du.
Era berean, «behar besteko» neurriak, baliabideak eta tresnak egituratzeko eta garatzeko prest dagoela jakinarazi du. «Horrela, bete-betean borrokatu ahal izango gara emakumeek gure gizartean bizitzako arlo guztietan jasaten dituzten bereizkerien aurka», dio adierazpenak.
Udalak ere emakumeei baliabide, ondasun eta zerbitzu sozio-ekonomiko, kultural, politiko eta juridikoak eskuratzeko aukera emateko konpromisoa hartu du, baita arrazoi sozio-ekonomikoengatik edo arraza, jatorri etniko eta naziotasunagatik baztertuta dauden emakumeei lehentasuna emateko engaiamendua hitzartu ere.
Azkenik, Udalak eskumenak dituzten erakundeei emakumeen kontrako indarkeria matxistak eragiten duen gaitz sozialaren kontrako borrokan beharrezkoak diren giza eta ekonomia baliabideak bideratu ditzatela eskatu diete.
Udal Talde Independentista
Bestalde, atzoko eguna zela-eta, Udal Talde Independentistak ere adierazpena erregistratu zuen Udalean. Emakumeen kontrako indarkeria «gure herriko arazo sozio-politiko nagusia» dela nabarmendu ostean, «benetako konpromiso politikotan oinarritutako adierazpena plazaratzea beharrezkoa» dela aldarrikatu zuten.
Indarkeria aurre egiteko politika integralari dagokionez, mota desberdinetako neurriak kontutan hartu behar direla azpimarratu zuten, besteak beste, «heziketan oinarritutako prebentzio neurriak, eraso baten ondorengo neurri asistentzialak edota erantzun soziala artikulatzeari begirakoak».