Erakusketa
'Hitzaren eta irudiaren balioa' erakusketa aurkeztuko du Fernando Buesa Fundazioak.
ION LOPEZ
Ernest Lluch kultur etxean azaroaren 28tik abenduaren 18a arte
Hitzaren eta irudiaren balioa komikien erakusketa jarriko du ikusgai Fernandu Buesa Blanco Fundazioak. Udaleko Gazteria eta Giza Eskubideetarako Sailak eta Donostia Kulturak lagunduta antolatu dute egun hauetarako erakusketa ibiltari hau. Fundazio honetako kideek azaldu zutenez, aurtengo irailean jarri zuten abian eta dagoeneko 3.000 haur inguru izan dira erakusketa interaktibo hau bisitatzen izan diren herrietan.
Anoeta estadioko Ernest Lluch kultur etxean jarriko dute erakusketa eta hiriko ikastetxeetako 10 eta 16 urteko haurrei zuzenduta dago.
Hiru atal interaktibo
Hiru espaziotan banatuko dute erakusketa. Irakurmenaren Txokoa izango da lehenengoa. Ikasleek bakeari eta elkarbizitzari buruzko hezkuntza-edukiak zabaltzen dituzten komikiak irakurriko dituzte bertan.
Idazketaren Txokoa izeneko atalean, komiki baten edukia idatziko dute ordenagailu batean. Gatazka batean konponbidea bilatu beharko dute komiki horretan.
Marrazketaren Txokoa deitzen da hirugarren atala. Margotzeko programa informatiko baten bidez, bakea irudikatzen duten argazki, komiki eta ikonoak erabiliz, beraien marrazki propioak egingo dituzte haurrek. Ikastetxeek oraindik izena eman dezakete.