Edukira joan

Irutxuloko Hitza

Donostia
2009ko uztailak 5, Igandea

Harpidetu zaitez!

Iban Zaldua, abertzaletasuna eta euskal identitateaz

Argitalpena

Idazle eta historialari donostiarrak nazioek historia faltsutzeko eta mitoak sortzeko duten joeraren inguruan gogoeta egin du 'Euskaldun guztion aberria' liburuan.

nerea lizarralde



Hiru urte dira Iban Zalduak Si Sabino viviria eleberri ganberro eta ironiko hura argitaratu zuenetik. Oraingoan ere lan gazia dakar, sarkasmoz betetakoa: «Umore ironikoago eta tristeagoa du eleberri honek. Ez dakit umore berezi honekin hori komunikatzea lortuko dudan, horixe da, hain zuzen, liburu honen erronketako bat», azaldu du Zalduak aurkezpenean.

Hasieran huts egindako ipuina da Euskaldun guztion aberria eta Zalduak nobela bihurtzea erabaki zuen: «Tamainari dagokionean argi dago nobela labur bat dela baina esentzian eleberria da», esan du historialariak.

Unibertsitate giroko nobela

Joseba Anabitarte da eleberri honetako protagonista. Unibertsitateko irakaslea da eta aspertuta dago Euskal Herriko giro politikoarekin. Alaskako unibertsitate batetik etorri zaio eskaintza bat, Euskal Herriari buruzko ikastaro bat emateko. Bertan Euskal Herriari buruz ezer ez dakitenen aurrean, herrialdearen historia fantastiko bat asmatuko du.

«Mikel Hernandez Abaituaren Ohe bat ozeanoaren erdian nobela oso presente izan dut liburu hau ontzeko orduan, beste euskal egile batzuen lanak izan nituen bezalaxe, hala nola, Xabier Montoia edo Ramon Saizarbitoriarenak». Erreferentzien harira, Iban Zalduak azken lan hau unibertsitate giroko nobela dela adierazi du eta idazten ari zenean David Lodgeren Intercambios edo El mundo es un pañuelo eta Malcom Bradburyren En la cresta de la ola nobelak kontuan hartu zituen.

Abertzaletasuna eta identitatearen auzia

EAJren Euzkotarron aberria Euzkadi da hasierako lemari egiten dio erreferentzia izenburuan eta Zalduaren ustez, «lanaren motibo nagusia seinalatzen du, abertzaletasunaren eta gure identitatearen (edo identitateen) auzia. Halabaina, ez da euskal abertzaletasunaren kritika soila, edo ez dut uste behintzat». Zalduak mesfidantzaz begiratzen dio nazionalismo orori: «horregatik gehitu dut izenburuan ´guztion´ hori, funtsean ez dudalako sinisten aberri bat, inolako aberririk, guztiontzat izan daitekeenik, inoiz eta betirako. Ez Euskal Herria (edo Euskadi, berdin dio), ez Espainia ezta Tanzania ere».

Historiari buruzko nobela bat ere badela adierazi du Iban Zalduak: «Hizkuntzak, literaturak eta historiak protagonismo handia izan dute identitate nazionalen eraikuntza prozesuetan, baita gurean ere, eta haien inguruan mota askotako mitoak eraiki dira. Halere, ez da inondik ere nobela historikoa. Historia asko dagoen arren eleberri historikotik urruntzeko saio kontzientea egin dut. Irakurleak ondo pasatzea nahiko nuke, eta emozioak sortu, eta ikasten ari denaren sentsazioa lortzea. Zer edo zer gehiago bultzatu nahiko nuke nobelarekin, hausnarketa bat, laburra izan arren».

'EusKafka', euskaldun guztion 'aberia'

Liburuaren kontrazalean Euskaldun guztion aberia EusKafka da esaldia jarri du Iban Zalduak: «Ez da liburuan bertan dagoen aipua baina nolabait, liburuaren espiritua biltzen du. Hau, aberri baten inguruko nobela baino, aberia baten ingurukoa da-eta. Esaldiak 80ko hamarkadari egin diodan omenaldia da, halako keinu nostalgiko bat. Garai terriblea izan zen. Krisi ekonomi-koa, atentatu etengabeak, tortura eta manifestazio bortitzak...ez dut miraz gogoratzen 80ko hamarkada bera, gauzak hobera alda zitezkeenaren itxaropena baizik».

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.

Lege Informazioa