«Lau orduko lana dago minutu eta erdiko bideo baten atzean»
TXOMIN TORRADO ð- AltzaTV-ko kidea
Altza
Bost urte beteko ditu abendu hasieran AltzaTV-k eta urteurrena ospatzeko ekitaldia egingo dute bihar institutuan.
r. perez
Txomin Torrado (Altza, 1974) AltzaTV proiektuan dago sorreratik. Altzan albistea non Txomin Torrado han, Adrian Martinekin batera. Bost urteko bidea egin du Internet bidezko telebistak, eta etorkizunera begira nola jokatu badute buruan: zuzenekoak indartu nahi dituzte eta Internet bidezko irratsaioak ere landu nahi dituzte.
Nola sortu zen telebista?
Casares Irratian ibilitako lau esatarik ekin genion lanari. Iruditu zitzaigun film laburrak Interneten sartzea, baina berehala konturatu ginen Altzak gehiagorako ematen zuela. Manolo zapata dendaren 25. urteurrena zela-eta egin genuen lehen lana, institutuak utzitako kamerarekin.
Zergatik erabaki zenuten Internetera jotzea?
Ikusten genuelako etorkizuna hori zela. Esan daiteke Altzatv aitzindari izan dela Gipuzkoan bideoak sareratzen. Pixkanaka sail gehiago jarri ditugu webgunean eta zuzenekoak ere egin izan ditugu.
Altzan, beraz, zer kontatu badagoela esan daiteke.
Agian astebetean ez da ezer garrantzitsua gertatzen, baina beste aste batzuetan gauza asko egon daitezke. Kirol arloa, adibidez, ezin dugu hartu: futbola, areto futbola, pilota... Beste telebista bat beharko litzateke hori guztia jasotzeko!
Zein izan da bost urteotan bisita gehien izandako albistea?
Rockstar aretoan Melendiren kontzertua grabatu genuen eta horrek bisita pila izan zituen. Bestalde, inauteriak, bai Donostiakoa eta baita Altzakoa ere, arrakastatsuak dira.
Urteotan jende asko ezagutuko zenuten, ezta?
Bai. Kirol munduko altzatarrekin, emakume elkarteekin eta beste hainbat arlotakoekin aritzen zara urte osoan. Eskerrak eman behar dizkiegu haiei guztiei. Gustatuko litzaiguke, bestalde, haiek jabetzea lan handia egiten dugula. Haiek mikroarekin eta kamerarekin ikusten gaituzte, baina gogorrena gero dator; lau orduko lana dago minutu eta erdiko bideo baten atzean.