Tabakaleran errodatutako lanak proiektatuko dituzte gaur
Ikus-entzunezkoa
2005etik hona berrogei ekoizpen baino gehiago filmatu dituzte antzinako tabako fabrikan, bideo klipak, film luzeak, telebistarako iragarkiak edo saioak, besteak beste.
erredakzioa
Aritz Morenoren
Cotton Candy film laburra, Moriarti produkzioak-en
Lucio film luze dokumentala, Kaotiko edo Jabier Muguruzaren bideo klipak... Gaur, 19:30ean, Tabakalerako zinema aretoan Egiako eraikinean lanean ibili diren errealizatzaileek euren esperientzia kontatuko dute. Beraien lanen zatiak ere proiektatuko dituzte eta, ondoren, eztabaidarako edo galderak egiteko tartea izango da.
Tras los visillos film laburraren Gregorio Muro ekoizle eta zuzendaria bertan izango da. Lan honetan Raul Lopez muntatzaile donostiarrak ere parte hartu du. Moriarti produkzioak-eko Aitor Arregik
Lucio errodatu zuenekoa kontatuko du. Iñaki Rubiok, Andoaingo Zine eta Bideo Eskolako irakasleak, bere ikasleekin errodatutako
Horizontes oscuros lana ere azalduko du.
Musikak ere lekua izan du Tabakaleran. Kaotikok, Jabier Muguruzak edo Urgabek Egiako ehun urtetik gora dituen eraikina aukeratu dute euren bideo klipak grabatzeko. Sagar 27 izan da euren ekoizlea eta gaur bertan izango da. Mikel Erentxun donostiarrak ere bere azken laneko bideo klipa hemen grabatu zuen eta bere ekoizlea, Debolex-eko Natxo Escobar, izango da.
2005etik, amateur eta profesionalen lantegia
Tabakalerako lan taldea etorkizuneko kultur fabrikaren proiektuan buru belarri ari da lanean. Halere, antzinako tabako fabrika leku ireki eta bizia da dagoeneko. Urtean zehar hainbat ekitaldi eta erakusketa antolatzeaz gain, azken urteetan ikus-entzunezkoen munduko profesional eta amateur askoren lantegi ere bihurtu da eraikina. Bertako patio, galeria eta sotoak hamaika iragarki, bideo klip eta film ezagunen eszenatoki gisa erabili dute.
EITBren hainbat spot (
Los rusos nos atacan, besteak beste),
Galdezka edo
Sautrela bezalako telebistarako saioak,
La sombra de nadie edo
Bosque de sombras film luzeak... 2005etik hona 40tik gora ekoizpen egin dira Tabakaleran.