Euskara «guztion ondarea» dela diote alderdiek
Euskara
Euskararen Egunaren harira, erakunde adierazpena adostu du udalbatzak
r. perez
Euskara guztion ondarea dela esan zuten atzo udal alderdi guztiek. Euskararen Eguna da abenduaren 3a, eta horren harira erakunde adierazpena onartu zuten.
Ainhoa Beola Euskara zinegotziak esan zuenez, «ezin esan berdintasun egoeran gaudenik; hain justu, horregatik dago hizkuntz normalkuntzarako saila». Beolak gaineratu zuenez, Udalak euskararen erabilera bultzatzeko indarra egin behar du eta, aurreratu zuenez, urtea bukatu aurretik onartuko dute laugarren Normalkuntzarako Plangintza. Bai Ainhoa Beolak eta baita Aitziber San Roman EAJren zinegotziak ere euskara ikasten ari diren zinegotziak txalotu zituzten, eta Jose Luis Arruek eta Juan Andres Segura PPko zinegotziek atzoko udalbatzarrean hitz batzuk euskaraz egin izana azpimarratu zuten. Hain zuzen ere, Juan Andres Segurak esan zuen, euskaraz, Udalak lanean jarraitu behar duela euskararen erabilera bermatzeko, «erabilera politikoak» baztertuta.
Jaione Arratibelek, bere aldetik, Eusko Alkartasunak euskarak egunerokoan «merezi duen tokia» izan dezan lanean aritzeko konpromisoa hartuko duela esan zuen.
Erakunde adierazpenak zehazten duenez, 2016an hiria Europako Kultur Hiriburu izateko hautagaitza ere garrantzitsua izan daiteke euskararentzat. Era berean, udal alderdiek agerraldi publikoetan eta herritarrei eman beharreko agirietan euskara «gero eta gehiago» erabiltzeko saiakera egingo dutela jasota dago testuan.
Jose Luis Arrue eta Juan Andres Segura PPko zinegotziek hitz batzuk egin zituzten euskaraz atzo