Punk rock talderik lizun eta probokatzaileena itzuli da
Argitalpena
Discipulos de Dionisos talde donostiarraren 'Los enigmas de la conducta humana' laugarren diskoa kalean da.
nerea lizarralde
Soldados del orgasmo,
¡¡Quiero que te corras ya!!,
Jovenes viciosas en el instituto... Hemen dira berriz ere Discipulos de Dionisos taldearen abesti lizun, garden, bero eta probokatzaileak. Txorlitohead donostiarrekin eurek ekoitzitako biniloa argitaratu ondoren, Discipulosek bere ibilbideko laugarren diskoa kaleratu du.
Azkarra eta estilo askotarikoa da talde donostiarraren azken lana. Aurreko disko guztietan bezala, 16 abesti bildu dituzte. Abestien arteko bi segunduko isiltasuna ere soberan dagoela dio Baga Bigako Ritxi Aizpuruk: «Bata bestearen jarraian egon beharko lukete. Oso musika arina egin dute, oso azkar doazen kantak dira eta horrela entzun behar da, azkar. Hain azkar dihoa bukatzen denean gehiago behar duzula».
Surf eta rockabilly pixka batekin ere ausartu dira disko honetan, baina, orohar, taldearen ohiko soinuari eutsi diote eta punk, hardcore, rock edo pop erritmoak dira nagusi.
80ko hamarkadako zinema pornozaleak
«Urte dezente generaman diskorik atera gabe eta letra mordoa genuen idatzita. Inspiratzen gaituzten gauzekin lotutakoak dira hitz guztiak. Tabu eta metafora gabeko sexua, esaterako. Zinema pornoa, Gipuzkoako gastronomia, gure haurtzaroko mito izan ziren Bruce Lee, Traci Lords porno izarra... Guzti hori koktelera batean sartu eta musika azkarrarekin elkartu dugu», esan du Juan Jolmes abeslari eta gitarrak.
Burutik kendu ezin diren abestiak sortzen dituztela azaldu dute eta abestiaren azkartasunari buruz ere hitz egin dute: «Abiadura ez da batere arbitrarioa. Ohean plazer handiagoa lortzeko balio dutela demostratu dute, sexu tantrikoa bezalakoa da».
Gizakiaren jokabidearen enigmak islatu nahian
Piszina batean eta neskez inguratuta agertzen dira diskoaren azalean. Rockaren topikoetatik ihes egiten saiatu dira diskoaren portadan: «Arte errealistarekin jolastu genuen. Gure buruan idealizatu dugun plazerezko arratsalde bat da».
Diskoaren grabazioa sufrimendua izan dela azaldu dute, baina eurek sufrimenduaren bidez lortzen dute plazera. Jorge Reboredok ekoitzi du diskoa. «Gure betiko ekoizlea izan da, duela hamabost urte gure lehen maketa grabatu genuenetik. Gure
rolloa hoberen ezagutzen duen pertsona da eta horregatik gurua da guretzat». Grabazioa 15 egunetan egin zen: «Lau egunetan ere graba genezakeen, beste diskoak ere hala grabatu ditugu. Baina oraingoan egunean bi ordu eman genituen soilik».
Dionisosek harrapatuta
Los enigmas de la conducta humana taldearen historian oinarrituta dagoela diote: «Institutuan geundenean Dionisosen ideiak harrapatu egin ginduen. Dionisos, bakanala, ardoa eta gauaren jainkoa. Jendeak iraindu egiten ginduen kultureta batzuk ginelakoan. Ezegokitutzat hartzen gintuzten. Orduan drogekin esperimentatzen hasi ginen eta horiek gure bezeroak bihurtu ziren. Enigmatikoa zen hori guztia. Lehenengo harriak botatzen dizkizute eta gero beren amets ilunenak betetzeko ordaintzen ziguten... Gizakiaren jokabidearen enigmak dira».
Hautsak arrotu dituzten hitzen egileak
Letrekin arazoak izan dituzte maiz taldekideek: «Leku batzuetan jotzea debekatu digute, salaketak izan ditugu eskandalu publikoagatik, matxistatzat ere jo gaituzte eta ez gaude horrekin ados. Guk mota guztietako sexuari buruz hitz egin dugu eta inolako desberdintasunak sortzeko asmoarekin». Deskribatzen dituzten egoera eta istorio batzuk benetakoak direla diote. «Beste batzuk, ordea, guk idealizatu ditugunak dira. Batzuetan gustuko ditugun filmeetan inspiratu gara. Musikan, zineman bezala, mota guztietako istorioak konta daitezke, gustatu ala ez gustatu, horregatik izorratzen gaitu jendeak matxista izateagatik kritikatzea», adierazi du abeslariak.
Diskoaren zuzeneko aurkezpena, Bukowskin
Taldearen «bigarren etxean», Egiako Bukowski tabernan, izango da diskoaren aurkezpen kontzertua, abenduaren 13an. Ondoren Gasteiz, Bilbo, Bartzelona, Madril eta Xixonerantz joko dute.
Taldearen zuzenekoak probokatzaileak direla azaldu dute diskoaren aurkezpenean: «Jendea kontzertuetatik zerbait desberdina bizi duten sentsazioarekin atera daitezen nahi dugu. Performanceak egiten ditugu zuzenean eta ikusleek ere kontzertuetan parte hartzea gustatzen zaigu, berotu egiten gaitu eta».
Porno punkaren asmatzaileak
1991n sortu zen taldea, zinema pornoaren eraginpean. Nietzsche filosofoari hartu zioten Dionisos izena.
Hasiera kaskar baten ondoren pixkanaka-pixkanaka trebatuz joan ziren. Abiadura handiko abestiek, zuzeneko basatiek eta hitz pornografikoek jarraitzaile andana erakarri zituen.