
xabier etxaniz rojo ð- Idazlea
«Realari buruz Kafkak izango zuen zer esanik»
Argitalpena
'Ekialdetik iritsi zen Enara' liburua argitaratu du Xabier Etxaniz Rojok. Txinan adoptatutako alabaren ingurukoak kontatu ditu argitalpen honetan.
nerea lizarralde
Xabier Etxaniz Rojo (Donostia, 1971) idazleak alabak etorkizunean sentituko dituen hutsuneengatik egingo dituen galderei erantzun nahi izan die Ekialdetik iritsi zen Enara kontakizunaren bidez. Bere bizitzaren pasarte baten narrazioa egin du, sentimenduak eta esperientziak bilduz. Donostiarra Euskal Herriko gatazkaren inguruan idatzitako Atrezzoari begira ipuinarengatik saritu berri dute.
Alaba adopzioan hartu zenuenekoa kontatzen duzu zure liburuan. Zergatik ikusi duzu behar hori?
Nik uste dut liburua idaztea ez dela beharra izan niretzat. Niri idaztea gustatzen zait eta adopzioaren prozesua hasi genuenean zera erabaki nuen, egunen batean zerbait idatziko nuela bizitzen ari ginenaren harira. Liburu baten formatuan ateratzen bazen, primeran, eta argitaratu ezean, idatzitakoa hortxe geratuko zen gure alaba Enararentzat. Izan ere, istorio honetan inork beharrik izanez gero, Enarak berak izango baitu. Bere bizitzaren pasarte garrantzitsu bat falta da, eta badakigu hutsune hori ez dugula sekula beteko. Galderaz betetako motxila bat garraiatu beharko du eta zama arintzen saiatu naiz liburu honekin. Lortuko dudan ala ez, etorkizunak esango du.
Gogorra izan al da? Jendearentzat lagungarri izan dela pentsatzen al duzu?
Adopzio prozesu guztiak ezberdinak badira ere, denak dira gogorrak. Nik gure familiaren istorioa kontatu nahi nuen, egunen batean Enarari lagungarri gertatuko zaiolakoan. Galdera batzuk aurreikusi ditut eta hauek dira nire erantzunak. Lagungarriak izango diren ala ez, ez dakit, baina izango balira, asko poztuko nintzateke.
Saria jaso berri duzu 'Atrezzoari begira' ipuinarekin. Epaimahaiaren arabera, 'errealitatearen ispilu bat da, ondo egituratutakoa eta amaiera harrigarria duena'. Nolakoa da ipuina zure ustez?
Asko poztu naute epaimahaiaren hitzek, horixe baitzen nire asmoa. Euskal Herriko gatazkaz idatzi nahi nuen eta alde horretatik ez da zaila izan errealitatea islatzea. Ipuinaren bukaera nahikoa argi neukan eta ondo egituratzean eta tonuarekin asmatzean zetzan gakoa. Antza denez, lortu dut eta horrek asko pozten nau.
Zure lanek sari dezente jaso dituzte. Zer balio dute sariek zuretzat? Aurrera jarraitzeko akuilu al dira?
Hasiera batean akuiluak izan ziren, bai, baina egun ez dut idazten
lehiaketetan parte hartzeko. Denboraren poderioz, sarien garrantzia erlatibizatzen ikasi dut eta egun badakit sari bat irabaztea zorte kontua ere badela. Egun bost liburu ditut kalean, astero zutabe bat Berrian eta beste bat hemen - IRUTXULOKO HITZAn-, eta idazletzat daukat nire burua. Ez dut lehiaketen akuilua behar idazten jarraitzeko, jakin baitakit idazten jarraituko dudala. Hori bai, krisi garai hauetan ondo etortzen da sarien dirua...
Bi genero landu dituzu gehienbat, ipuina eta eleberria. Aukeran, zein eta zergatik?
Aukeran ipuinak, erosoago sentitzen naizelako. Literaturan denetarik dago, eta nik nahiago dut ehun metroko lasterketa, maratoia baino. Kontua korrika egitea da...
Hitzan 'Futbologia' atala egiten duzu eta beraz, galdera hau derrigor egin behar dizut: Realari buruz zer idatzi beharko litzateke, beldurrezkoa, zientzia fikziozkoa, drama...?
Kulebroi bat. Edo drama bat. Edo, bestela, espioitza eleberri bat. Hala ere, Kafkak izango zuen zer idatzirik...
Maletak prest al dituzu
Durangora joateko?
Bai. Oraindik ez dakit noiz baina izango naiz Durangon. Durango munstro erraldoi bat da, jende asko dago eta ziurrenik ez da tokirik onena izango liburuak erosteko, baina polita izaten da irakurleekin hitz egitea.
Zer beste proiektu duzu eskuartean edo buruan?
Bai eta ez. Buruan, asko. Eskuartean, gutxiago. Dena den, proiektuez hitz egin baino, nahiago gauzatutako liburuez hitz egin.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.