Edukira joan

Irutxuloko Hitza

Donostia
2009ko uztailak 5, Igandea

Harpidetu zaitez!

Adiorik ez, hurrena arte

Mikel Laboa hil da

Euskal kulturaren ikurra zendu da, 74 urte zituela, kantagintzari egindako ekarri oparoa utzita.

aritz sorzabal



Mikel Laboa atzo hil zen, 74 urterekin, azkenaldian osasunez makal ibili ondoren. Poliklinikan herenegun ingresatu zuten, eta atzo goizaldean zendu zen Marisol Bastida eta seme-alabak alboan zituela. Gorpua Errekaldeko beilategira eraman zuten eta gaur, 11.15 aldera, erraustuko dute.

Senitartekoak eta lagunak goizetik bertaratu ziren beilategira, baita gizarte eta kultura munduko hainbat aurpegi ezagun ere. Hain zuzen ere, euskal kantagintza berriaren ildoko musikari eta kantari handienetakoa izanda, Laboaren heriotza denen ahotan izan zen egunean zehar.

Donostiako Udaleko ordezkariek, esaterako ¬Kirol zinegotzi Jon Lasaren senidea zen Laboa¬, abeslariari buruz hitz egin zuten haien agerraldietan. Udal kultura ordezkari Ramon Etxezarretak azken mende erdiko euskal kulturaren ikonoa dela azpimarratu zuen. «Belaunaldi guztietan harrera ona zuen. Ahots berezia zuen eta musikari bezala ere berezia zen. Euskaraz jardundako kantautoreen artean, berak izan du nazioarte mailan eragin gehien».

Odon Elorza alkateak «bihotz-bihotzez» deitoratu zuen heriotza. «Betetzeko zaila izango den hutsunea» uzten duela adierazi ondoren, euskal musika eta kultura «nabarmen berritu» zuela esan zuen. Bestalde, Udalak hiriko Urrezko Domina Laboari ematea proposatuko duela iragarri zuen.

Jaurlaritzako Kultura sailburu Miren Azkaratek, berriz, erakundeen aldetik merezitako omenaldia jasoko duela aurreratu zuen. «Aparteko pertsona zen, guztiek maite eta miresten zuten. Musikarekin erlazioa duen pertsona ororentzat erreferente zen». Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak familiari besarkada bat bidali zion. «Euskara jakitea eta ulertzea merezi duela erakutsi zion gizarteari».

Misterio kutsua

Kultura munduan dabiltzanek ere donostiarra izan zuten hizpide. 1984. urtetik harekin lanean ibilitako Iñaki Salvador piano jotzaileak gauza asko erakutsi zizkiola aitortu zuen. «Har daitezkeen filosofia bideak erakutsi zizkigun».

Xabier Lete abeslaria bere ekarriari buruz mintzatu zen. «Abesten eta egiten zuenari misterio kutsu bat emateko gaitasun ikaragarria zuen». Harkaitz Cano idazleak ere izan zuen zeresanik. «Mikel beti zen adeitsua jende gaztearekin. ´New Yorkeko gure gizona´ esaten zidan, New Yorken bizi nintzela pentsatzen zuelako. Han nengoela asko gogoratu nintzen bere musikarekin. Broadway eta 27. karrika-ren kantuak hor geratuko dira betiko».

Anjel Lertxundi idazleak «gizon handi bat» joan dela nabarmendu zuen. «Galera handia da, ez bakarrik kantagintzarako, baita kultura arloarentzat ere».

Elkar argitaletxeko produkzio arduradun Angel Valdesek Laboa bezalako artista bat sortzea oso zaila izango dela aitortu zuen. «Bere xarma propioa zuen, inolako imitaziorik onartzen ez duena».

Aieteko Lantxabe Auzo Elkarteak ere oharra idatzi zuen; auzo horretan bizi zen. «Gogoan dugu Aieteko jaietan, ogia besapean zeramala, irribarretsu, trikitilariei dianan jarraitzeko prest agertu zela. Aieteko auzokide maitatuenetako bat joan zaigu». Bagerakidea zen ere, hots, Donostiako euskara elkarteko partaidea.

 


«Euskara jakitea eta ulertzea merezi duela erakutsi zion gizarteari»

patxi baztarrika

Hizkuntza Politikarako sailburuordea



«Gogoan dugu Aieteko jaietan, ogia besapean, irribarretsu, trikitilariei dianan jarraitzeko prest agertu zela»

lantxabe auzo elkartea





 

Abestiak ereserki bihurtzeko dohaina



Mikel Laboa Donostiako Parte Zaharrean jaio zen, 1934ko ekainaren 15ean, itsasoari eta musikari lotuta zegoen Pasai Donibaneko familia batean. Txikitatik euskaraz kantatzen zuen abesbatza txiki batean. 1936ko Gerrarekin, aita Bordelera exiliatu zen eta ama seme-alabekin Lekeitio aldera joan zen. Gerra amaitu baino lehen, ordea, Donostiara itzuli ziren. Dena oso aldatuta aurkitu zuten. Besteak beste, euskaraz hitz egitea debekatuta zegoen eta, ondorioz, ordura arte bere hizkuntza bakarra zen euskara galtzen hasi zen.

1950ean gitarra ikasten hasi zen, eta hurrengo urteetan medikuntza ikasketak egin zituen Madril eta Iruñean. Hamarkada horretan Atahualpa Yupanki, Violeta Parra eta Brassens-en kantak abesten zituen, eta Iruñean euskara berreskuratzen hasi zen. 1958an, Gayarre antzokian abestu zuen lehenengoz, gazteleraz. Hortik aurrera, kantagintzan buru belarri sartu zen. Diskografia oparoa du: Azken, Bertolt Brecht-en kantak, Bat-Hiru, Lau-Bost, 6, Lekeitioak I, 12, 14, Zuzenean, Gernika Zuzenean 2, 60ak + 2, Xoriek 17, Lekeitioak II... Bertako abestiak ereserkiak bihurtu dira.

Aldundiak Gipuzkoako Urrezko Domina abenduaren 23an eman behar zion Laboari. Bera ez da joango, baina omenaldia jaso jasoko du, bai egun horretan eta baita bere abestiak entzuten diren bakoitzean ere.



 

BIOGRAFIA



1934. Donostiako Parte Zaharrean jaio egiten da Mikel Laboa.

1936. Gerrarekin, aita Bordelera exiliatu egiten da eta ama seme-alabekin Gardatara doa bizitzera (Lekeitio-Ispaster).

1950. Gitarra ikasten hasten da.

1953. Medikuntza ikasketei ekiten die Iruñean eta Madrilen.

1958. Gayarre antzokian abesten du lehenengoz. Gazteleraz kantatzen du.

1962/63. Bi urtez gaixo egon ondoren, ezezagunak ziren kantu tradizionalak berreskuratzen ditu: O Pello Pello, Bereterretxeren kanthoria... Zaragozako Teatro Argensolan lehen aldiz abesten du euskaraz.

1964. Bartzelonako Santa Creu i San Pau ospitalean lanean aritzen da eta Kataluniako kultur munduarekin harremana estutzen du. Abuztuan, Marisol Bastidarekin ezkontzen da. Era berean, bere lehen diskoa argitaratzen du Baionako Goiztiri disko etxearekin: Azken.

1965. Donostiako ospitalean lanean aritzen da. Ez Dok Amairu taldea izango zena hasten da irudikatzen, zenbait artista euskaldunekin harremanetan jartzen baita.

1965/67. Bartzelonara itzultzen da. Bigarren diskoa grabatzen du, baina, zentsura dela medio, Baionako Goiztirin argitaratzen du: bi abesti tradizional eta Arestiren bi poema grabatzen ditu, Egun da Santi Mamiña ezaguna tartean.

1967/72. Umeen neuropsikiatra moduan hasten da lanean Donostian. Ia 20 urtez aritzen da bertan. Bitartean, musika egiten du.

1968. Lekeitioekin hasten da.

1969. Urnietan bi disko grabatzen ditu: Bertolt Brecht-en kantak, tartean. Baga Biga Higa eta Txoria txori kantak egiten ditu. Ez Dok Amairu taldean sartzen da.

1974. Bat-Hiru grabatu eta argitaratzen du.

1975/78. Ikimilikiliklik ikus-entzunezkoa abian jartzen du Artze anaiekin batera. Kontzertu asko ematen ditu garai honetan.

1976. Venezian arrakasta handia lortzen du eta Suediako telebistak erreportajea egiten dio.

1977. Llach-ekin jira egiten du eta Komunikazioa-inkomunikazioa sketck abangoardista estreinatzen du.

1978/80. Kontzertu ugari ematen ditu. Londresen, adibidez, Lete eta Valverderekin aritzen da.

1980. Lau bost grabatzen du.

1984/87. Iñaki Salvadorrekin hasten da lanean. Sei diskoa argitaratzen du.

1987. Frankismoko biktimen omenezko disko-bilduman parte hartzen du.

1988. Lekeitioak publikatzen du.

1989. 12 argitaratzen du.

1990/2000. Aktibitate handiko urteak: Kubara beste artista batzuekin espedizioa, New Yorkera... Txerokee diskoa publikatzen du.

1992. Zilbor hestea diskoa argitaratzen dute, Salvadorrek Laboaren kantuekin egindako bertsio instrumentala.

1994. 14 diskoa argitaratzen da.

1995. Korrikaren lekukoa eramaten du Gasteizen. Mikel Laboa liburua aurkezten dute.

1997. Zuzenean CDa publikatzen du. Orfeoiaren 100. urteurrena ospatzeko kontzertuan parte hartzen du. Baga Biga Higaren bertsio sinfonikoak arrakasta itzela du. Haika Mutil Uriberen pelikula Zinemaldian estreinatzen da.

2000. Gernika Zuzenean 2 argitaratzen du. Euskal Herriko Unibertsitateak urrezko domina ematen dio.

2003. Zinemaldian Julio Medemen La Pelota Vasca estreinatzen da. Soinu banda berak egiten du. 60ak+2 bilduma publikatzen da.

2005. Xoriek CDa argitaratzen du.

2006. Donostiako Zurriolako hondartzan Bob Dylanekin batera kantatzen du. Nomadak TX Zinemaldian estreinatzen da.

2007. Lekeitioak bilduma osatua Lekeition aurkezten du. Donostian eskaini behar zuen kontzerturako sarrerak agortzen dira, baina ekitaldia bertan behera geratzen da osasun arazoak direla-eta.

2008. Mikel Laboa hiltzen da Donostian.

 

Jasotako erantzunak:

Parte hartu | Zure mezua bidali

:

:

:

:

Spambotak ekiditeko irudia
:

Parte hartzeko arauak

  1. 1. - Saiatu zure artikuluak izen-abizenekin sinatzen. Indar handiagoa du.
  2. 2. - Iritzia anonimoki eman nahi baduzu, baduzu horretarako aukera ere. Kontuan hartu ondokoak:
    * Ez pertsonala. Pertsona bati buruz ari garenean zehazki, kritikatzeko edo famatzeko, anonimoek ez dute balio. Eta, kasu honetan, pertsona fisikoez ari gara, ez entitate juridikoez.
    * Entitate juridikoez anonimoki aritu daiteke, baina pertsonalizatu gabe, eta talante eta errespetu onean; iraindu gabe, doako akusaziorik egin gabe... errespetuan.
    * Aurreko gauza bera gai orokorrez idatzi behar denean ere.
    * Norbaitek pertsonalki sinatutako iritzi bati, pertsonalki erantzutea dagokio, eta ez anonimoki.
  3. 3. - Dena arautzea ezinezkoa da, batez ere hau bezalako webgune batean. Mesedez, denon zentzu ona eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Apenas izango den logika bezalako arautzaile zuzenik kasu hauetan.

© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.

Lege Informazioa