Indarra egin nahi du Donostia Turismoak
Kanpaina
Donostia Turismoak 10.000 euro jarriko ditu turismoa bultzatze aldera.
r. perez
Udala eta turismoaren arlo pribatuko hainbat eragile biltzen dituen DonostiaTurismoa elkarteak 100.000 euro bideratu ditu zenbait ekimenetara, turismoa bultzatzeko. Enrique Ramos Turismo zinegotziak adierazi duenez, krisialdi ekonomikoari aurre egin nahian esku hartu dute. Turismoa hiriko Barne Produktu Gordinaren %7 dela eta behera egiteak eragina duela hoteletan, ostalaritzan eta zerbitzuetan gogora ekarri zuen zinegotziak. Hala, Akitaniako, Okzitaniako, Herrialde Katalanetako eta Espainiako zenbait egunkarietan publizitatea sartuko du Donostia Tuismoak. Bizkaia, Araba eta Nafarroako irratietan ere publizitate kanpaina egingo dute, eta SShops-ekin ¬hiriko dendariak batzen dituen elkartea¬ elkarlanean ariko dira Gabonei begira. Epe ertainera begira, beste zenbait neurri hartuko dituela iragarri du Ramosek.
Zubiari begira, baikor
Asteburuko zubiari begira baikor agertu da Donostia Turismoa. Datu zehatzik eman ez badute ere, azken turismo azoketan Donostiara zubian etortzeko asmoz jende askok jo duela haiengana ziurtatu du.
Hiriko hotel txikienetako bat da Salamanka pasealekuko Parma, 27 logela baititu. Logela horietako %85-90 beteta dituztela adierazi dute eta asteburuari begira, logela guztiak beteta egotea espero dute.
Hotel handiagoen artean, Amara Plazak larunbatean, abenduak 6, 162 logelak beteta izango ditu dela azaldu dute. Pio XII. eko hoteleko arduradunek azaldu dutenez, zubiko beste egunetan logela batzuk hutsik izango dituzte, baina ez diote hori krisiari egozten, hasi berri den eski denboraldiari baizik.
Landa etxeetan badago tokia
Landa etxeei dagokienez, Donostia eta ingurukoek logelen %55 izango dituzte beteta zubian, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako landa etxeak biltzen dituen Nekatur elkarteak jakitera eman duenez; beherakada nabaritu dute. Hala eta guztiz ere, ñabardura bat egin dute Nekaturrekoek: hiru eguneko zubia dela eta ez laukoa.Igeldoko Aristondo landa etxeko lau logeletan ez dago tokirik, baina aurreko urteetan dei gehiago jaso zituztela aitortu dute.