
Artista italiarraren izena duen robot kirurgikoa joan den astean iritsi zen Poliklinikara. Prostatako minbizia sendatzeko ebakuntzetan erabiliko dute.
Da Vinci Donostian da
aritz sorzabal
Gipuzkoako Poliklinikako ebakuntza-geletako batek ez ohiko bisitariak jaso zituen atzo. Hain zuzen ere, ebakuntzak egiteko erositako robot kirurgikoa komunikabideei aurkeztearren, ospitaleko arduradunek argazkilariak operazio-gelan sartzera gonbidatu zituzten. Hori bai, ez ohiko bisitariek mantal urdina, oinetako bereziak eta buruko ilea estaltzeko plastikoa jarri behar izan zituzten lehenik, esterilizatutako eremua ez kutsatzeko.
Esandakoa behar bezala bete ondoren, argazkien unea iritsi zen, baita medikuen azalpenen txanda ere. Hauek azaldutakoaren arabera, 2001. urtean sortutako Da Vinci izeneko robotak milioi eta erdi euro baino gehiago balio du. Abantaila handiak eskaintzen ditu eta, abenduko bigarren astetik aurrera, prostatako minbiziaren kirurgian erabiliko dute. Haren dohainen artean, kirurgialariek mugimenduen zehaztasuna eta zorroztasuna azpimarratu zuten. «Pultsuak ez dio dar-dar egiten, hiru dimentsioetan ikusten du, haren zehaztasuna milimetrikoa da eta ez du arnasten», azaldu zuten.
Azaroaren 27an iritsi zen Poliklinikara eta teknologia berri honekin berrogei interbentzio inguru egitea espero dute datorren hilabeteetan. Dena dela, Urologia Zerbitzuak inauguratu duen arren, robota beste zenbait espezialitatetan erabili daiteke: Kirurgia Orokorrean, Ginekologian, Bihotzeko Kirurgian edo Pediatrian, esaterako.
Kontsola baten laguntza
Teknologia berriztatzailea bada ere, Da Vincik ez du bakarrik lan egiten. Izan ere, haren eraginkortasuna kirurgialariaren esku onaren baitan baitago, robotaren adarrak medikuek maneiatzen eta programatzen dituztelako kontsola nagusi batetik.
Ohiko kirurgia irekiaren aldean interbentzioak denbora bera irauten duen arren ¬hiru eta lau ordu bitartean¬, robotarekin ebakia oso txikia da. Beraz, operazio-ondokoa eta infekzio-arriskuak askoz ere txikiagoak dira, baita kasu hauetan sor daitezkeen ondoezak ere.
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.