2011ko hasieran zabalduko dute elbarrientzako Kontxako kirol gunea
Azpiegiturak
Udalak, Aldundiak eta Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioak kudeatuko dute.
raul perez
Kirol egokitu gunea egingo dute Kontxan, Cervantes plazako aparkalekuaren barruan. Atzo iragarri zutenez, 2011. urtearen hasierarako zabalduko dute. Udalak, Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioak kudeatuko dute kirol gunea, Hegalak Zabalik izeneko fundazioaren bitartez. Besteak beste, hainbat erabileratarako bi aretorekin, gimnasio batekin, 25 metroko igerilekuarekin eta errehabilitazio gunearekin hornituko dute kiroldegia. Proiektuaren aurrekontua ia hamar milioi eurokoa da.
Odon Elorza alkateak jakitera eman zuenez, 2010ean hasi nahi dituzte lanak, behin aparkalekuaren egitura finkatuta, eta urtebete iraungo dute. Itsuak, gorrak, gurpildun aulkidunak eta Alzheimarrak jotakoak joan ahal izango direla nabarmendu du Mikel Izagirre Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioaren presidenteak. Elbarriek izango dute kirol gune horretan lehentasuna, baina elbarriek ez direnek ere erabili ahal izango dute kirol gunea. «Elbarrientzako ghettoa» ez dela izango nabarmendu du Izagirrek. Proiektuaren aurkezpenean emandako datuen arabera, 600-700 erabiltzaile jasoko dituzte egunean eta 180.000 urtean. Lehen bi urteetan 1.300 abonatu lortu nahi dituzte. Etekinak kirol gunea hobetzera bideratuko dituztela aurreratu zuen Izagirrek. Donostiako eta Gipuzkoakoez gain, beste hainbat tokitako jendea erakarri ahal izango dutela uste du Izagirrek, «erreferentzia» izango dela alegia.
Diru iturriak
Finantzazio iturriei dagokienez, Kiroldegia abian jartzeko behar duten diruaren %70-80 hitzartuta dutela esan zuen Mikel Izagirrek. Udalak eta Foru Aldundiak diruz lagunduko dute proiektua eta, Mikel Izagirrek atzo bertan jakitera eman zuenez, Jaurlaritzak ere diruz lagunduko dutela proiektua hitzeman dio Miren Azkarate sailburuak. Kutxak ere bat egingo du, nahiz eta ez duen zehaztu zenbatekoa izango den bere ekarpena. Horrekin guztiarekin batera, Espainiako Kirol Ministerioaren babesa ere lortzen saiatuko dira.
Odon Elorza alkateak gogora ekarri zuen Gipuzkoako Federazioari bururatu zitzaiola kirol gunea egitea eta Udalak bat egin duela egitasmoarekin ¬lur saila utzi dio¬ «berdintasunari lagunduko diolakoan». Iñaki Galdos Kirol diputatuak, bere aldetik, proiektuak osasuna, aisialdia, kirola eta ongizatea batzen dituela goraipatu zuen eta baita egitasmo «berritzailea eta integratzailea» dela ere. Iñaki Galdosen arabera, «jarduera ekonomiko aberasgarria izango da», turismo egokitua bultzatuko duelako.