
Euskara Batzen elkarteak, Zaharrean Parte Zaharreko Merkatarien elkarteak eta Ziurtagiriaren elkarteak 'Gabonetako oparietan ere euskara ziurtatu' kanpaina abian jarri dute
Opari onenak, euskaraz
maitane aldanondo
Urtean erosketak erruz egiten diren garairen bat bada, hori Eguberria da. Gabonei begira Donostiako saltokietan martxan jarriko duten kanpaina aurkeztu zuten atzo Euskarak Batzen elkarteko Jexux Arrizabalagak eta Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendari Rober Gutierrezek. Donostiarrei edota hirira etorritakoei opariak erosterakoan euskara erabiltzeko deia egin nahi izan zieten. Helburu horrekin Bai Euskarari Ziurtagiria duten saltokietan Gabonetako oparietan ere euskara ziurtatu goiburua duen kartela jarriko dute. «Kartel honen bidez, donostiarrek nahiz hemen Gabonetako erosketak egingo dituztenek euskara aintzat hartzen dutenak kontuan izatea nahi dugu», aipatu zuen Arrizabalagak.
Euskaraz erosteko gonbitea
Kanpaina honen bidez berezoak eta saltzaileak euskara erabiltzera gonbidatu nahi dituzte, eta saltzaileei beren saltokietan kartela ikusgai jartzeko eskatu zieten. «Ziurtagiriaren bitarteaz euskara kontuan hartzea nahi dugu eta bezeroei euskarazko zerbitzuak aukeratzera gonbidatzera». Ziurtagiriak, Gutierrezen ustez, bezeroekiko gertutasuna, konfidantza eta irudi hobea ematen die saltokiei inguruko errealitatean txertatuago daudela dirudielako. Hau islatzeko elkar ulertzen dugulako eta zugandik gertu egon nahi dugulako. Gu Ziur Gaude testua jarri dute kartelean.
Normalizazio bidean
Merkatariak beren eremua euskalduntzeko egiten ari diren ahalegina «eskertzeko eta ezagutzeko modukoa» bada ere, euskararen normalizazio erdiesteko egin beharreko urratsen artean, merkataritzan bere erabilera normalizatzeko neurriak hartu behar direla azpimarratu zuen Gutierrezek.
Merkatariak etengabe harremanetan daude bezeroekin, eta hauek zaindu eta berriak erakartzeko, harreman horrek puntakoa izan behar du. Horretarako euskara erabiltzeak dakartzan onurak argudiatu zituen Gutierrezek, aniztasun linguistikoa lehiakorrago izateko abantaila dela azpimarratuz. «Euskarak onurak dakarzkie merkatariei. Euskaraz ere aritzeko gai den entitateak balio diferentziala du, lehiakorrago da, euskaraz aritzeko gai ez direnekin alderatuta».
Eguberriei begira egingo duten kanpaina maiatzan argitaratu zuten Merkataritza gidaren jarraipena da. Bertan, Bai Euskarari ziurtagiria duten Donostiako eta Altzako enpresak, saltokiak eta entitateak zerrendatzen dira. «Euskara dakien eta bere normalizazioaren aldeko jardunean ari den merkataritza donostiarrak bezeroei eskainiko dien kartela da. Ziurtagiriaren jarraipena», adierazi zuen Arrizabalagak.
Euskararen Nazioarteko Eguna
Gaur ospatzen den Euskararen Nazioateko Egunaren harira Gutizerrezek euskararen unibertsaltasuna aldarrikatu nahi izan zuen, eta hau gauzatzeko helburuarekin jarduten dutela Bai Euskarari Ziurtagiriaren bidez. «Euskarak bereak ditu urteko garai eta egun guztiak. Balio unibertsala du eta bizitzako eremu guztietan erabilgarria da».
ZIURTAGIRIA DATUETAN
Parte hartu | Zure mezua bidali
Parte hartzeko arauak
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.