Kiriko trainerua, lehiarako prest
Arrauna
Donostiarrak dagoeneko badu berezko trainerua; aurkezpenean taldeko arraunlariak aurkeztu dituzte.
naroa balsategi
Donostiarra uretaratzeko prest dago. Dagoeneko berezko trainerua du eta datorren astean Kiriko traineruarekin entrenatzen hasiko ez badira ere segituan estreinatuko dutela adierazi dute. Aurkezpenean taldea osatzen duten arraunlari guztiak aurkeztu egin dituzte.
Azken urteetan gertatu bezalaxe, Amilibiak egindakoa da eta 36.000 eurorengatik erosi dute. Iñaki Arana presidenteak adierazi duenaren arabera, «traineruaren lehenengo eskaera uztailean egin genuen, ondoren irailan eta beranduago urrian. Azkenean orain hilabete eta erdi hasi ziren egiten eta gaur ¬atzo¬ 11:00tan jaso dugu».
Azkenean, Kiriko
Traineruaren izena jakiteko eztabaida izan zutela onartu du Aranak. «Donostiako traineruaren izena hainbat patroik bete zezaketen baina azkenean
Kiriko izan zen baldintza gehien betetzen zituen patroia. Azkenean hiriko traineruarekin Kontxako bandera gehien irabazi duen patroia izan da». Aurkezpenean, gainera, ama ponteko bezala Amaia Bontigi
Kirikoren biloba eta Ainhoa Arteta sopranoa izan dira.
Klubeko presidenteak talde guztia denboraldia aurrera ateratzeko gogoz gainezka eta ilusioz dagoela adierazi du. «Gogoz gaude baina hiritarrei gauzak bapatean ezin direla egin esan nahi diegu. Poliki-poliki gora egin nahi dugu». Honela denboraldi honetarako helburua KAE Ligako lehen lau postuetan egotea dela esan du Aranak.
Gazteei eta emakumeei deia
Donostiarraren lehen denboraldia izango da aurtengoa baina etorkizunean traineru honek aurrera egiten jarraitu nahi du. Ondorioz, Aranak Donostiako gazteei dei egin die: «Orain arraunlari hauek ditugu baina datozen urteetarako gehiago nahi ditugu. Horregatik hiriko gazteek kirol serio bat egin nahi badute, gurera etortzen badira ateak zabalik izango dituzte».
Aranak ere emakumezkoen trainerua atera nahi duela esan du. «Primeran legoke emakumeak arraunean hasi eta traineru bat ateratzen lehenak izango bagina».
'Kiriko', bandera gehien lortu duen patroi donostiarra
Frantzisko Zubiaurre
Kiriko Getarian jai zen 1867ko urtarrilaren 11n. Oso gazte zela, gurasoak Donostiara etorri ziren lan bila eta Kanpandegi kalean eta Abuztuaren 31ko kalean bizi izan zen.
Arrantzalea ofizioz, patroi lanetan hasi zen berehala. 24 urte besterik ez zituenean irabazi zuen bere lehenengo Kontxako bandera. Ondoren, 1892an , 1894an, 1918an eta 1920an izan zen garaile. Garai hartan gainera, Kontxako estropadek 12 urteko etenaldia izan zuten. Beraz, urte hoietan estropadak izanez gero, zenbat bandera irabazi ahal izango zituen
Kiriko handiak jakiteke dago.
Untzi museoaren eraikina, ikurrean
erredakzioa
Untzi museoaren eraikina da Donostiarra Arraun Taldeko ikurrean agertzen dena. Hiriko historian garrantzi handia izan duen eraikina izateagatik hautatu dute klubeko ordezkariek, arraun taldearen ikur gisa.
XVIII.mendeaz geroztik dago hirian egun Untzi museoa den eraikina. 1813ko abuztuaren 31n gertatutako sutearen ondoren zutik mantendu zen eraikina. Donostiako Kontsulatua izan zen; 1682. urtean eraikia, merkataritza eta nabigazioa sustatu zituen eta portuak nahiz bideak mantentzeko eta hobetzeko obrak bultzatu zituen.
Dorretxea, tenientearen bizileku
Portuko dorretxea kontsulatuaren eraikuntzetako bat izan zen, portuko tenientearen etxebizitza gisa erabiltzen zena baina baita biltegi eta presondegi moduan ere. Itsas sorospena zen dorretxearen eginkizun nagusietako bat.
XIX.mendearen erdialdea arte, dorretxea portuan zegoen eraikin bakarra izan zen. Urteak aurrera egin ahala Kontsulatuak eskunduntza batzuk galdu zituen eta egungo Merkataritza Ganbara izan zen. 1936ko Gerran Kaiko bizilagunek babesleku gisa erabili zuten. Ondoren 1988tik aurrera, Untzi museoa da aipatu eraikina.